AEB-ak

AEBetako Gobernuak ezin du baieztatu estralurtarren ontziak grabatu dituenik, baina ukatu ere ez

Iazko apirilean «aireko fenomeno azaldu gabeak» agertzen zituzten bideoen inguruko ikerketa bat egin du Pentagonoak. Txostenaren berri eman dute gaur, eta, ondorioztatu dutenez, hainbat kasutan ezin izan dute argitu objektuok zer diren.

Iazko apirilean Pentagonoak zabalduriko bideoetako baten irudia: erdian, objektu hegalari ezezaguna. AEB-ETAKO DEFENTSA DEPARTAMENDUA
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 4a
15:12
Entzun

Iazko apirilean hiru bideo sekretupetik atera zituen AEBetako Gobernuak. Horietan, gerra hegazkinetatik grabaturiko «aireko fenomeno azaldu gabeak» agertzen ziren, Pentagonoaren hitzetan. AEBetako inteligentzia agentziak bideoak ikertzen aritu dira geroztik, eta gaur zabaldu dira lehenengo ondorioak: ezin dute baieztatu objektuok estralurtarren ontziak direnik, noski, baina ukatu ere, ezin dute ukatu, ezin izan dutelako azaldu zer diren.

Urte asko eman dute bideok bolo-bolo Interneten, norbaitek 2007. urtean eta 2017an filtratu zituenetik. Hipotesi estralurtarraren zaleek berehala baliatu zituzten euren tesiaren aldeko froga gisa aurkezteko. Pentagonoak iazko apirilean horiek ofizialki plazaratzeko erabakia hartu zuen, zurrumurruak baretzeko eta «eztabaida argitzeko».

Edonola ere, ez du ematen Pentagonoak orain plazaraturiko txostenak gauzak asko argituko dituenik. Baina gauza bat behintzat nabarmen utzi nahi izan dute: azterturiko 120 gertaeretatik gehien-gehienek ez dute zerikusirik sekretupean eginiko saio militarrekin. Hau da, ez direla hango Armadaren arma edo hegazkin sekretuak.

Bideoetako bi 2015. urtean grabatu zituzten, gerra hegazkinetatik. Objektu bat airean mugitzen erakusten du lehenak, pantailatik ziztu bizian alde egin aurretik. Bigarren bideoan, itzulika dabil beste objektu bat agertzen da. «Begiratu gauza horri, txo! Bueltaka ari da!», esaten du pilotuetako batek.

Hirugarrena 2004koa da. Objektu borobil bat uraren gainean dabil, Ozeano Barean, kostatik 160 kilometrora. Iazko apirilean irudiok bildu zituen BERRIA TBk azpiko bideo honetan.

Bideoak egiazkoak zirela adierazi zuen iaz Pentagonoak.

Errusiako edo Txinako teknologia hipersonikoa?

Ekainaren 25ean aurkeztuko dute txostena Kongresuan, baina horren aurrerapena argitaratu du The New York Times kazetak.

Ikusmin handia dago AEBetan horren inguruan. Joan zen hilabetean, horretaz mintzatu zen Brack Obama presidenteordea CBS telebista kateko gaueko elkarrizketa saio batean. «Egia da, eta oso serio ari naiz, baditugula bideoak eta grabazioak zeruetan dabiltzan objektuenak, eta ez dakigula zer diren».

Ikertzaileei ezinezkoa egin zaie, esaterako, objektuen azelerazioa azaltzea, ez baitago abiada horren azkar aldatzeko gai den bizidunik edo makina ezagunik. Ezta norabidea horren azkar aldatzeko edo uretan horrela murgiltzeko ahamena duenik ere. Ezin esan, esaterako, kasu guztietan ikerketarako puxikak direnik ere. Izan ere, bideotako batean pilotu batek harridura adierazten du objektuetako bat oso azkar mugitzen delako, haizearen kontra.

Ikusitako fenomenoetako batzuk Errusiako edo Txinako teknologia izan daitezkeela adierazi dute adituek txostenean. Aipatzen duten AEBetako aditu militar baten arabera, kezkatuta daude bi herrialde horiek «teknologia hipersonikoarekin» esperimentatzen ari direlakoan, eta, hala balitz, horrek esan nahiko luke AEBak baino askoz aurreratuago daudela horretan.

Txostenean aipaturiko pilotu baten arabera, objektuok ez dute ageriko motorrik, eta ez dute berorik botatzen kamera infragorriekin ikusita. Beste batzuek nabarmendu dute gailuon autonomia ikaragarria, airean hamabi orduz hegaldatzen ikusi dituztelako.

AEBetako Defentsa Departamendua 13 urtez aritu da halako grabazioak jasotzen. 2012an bertan behera utzi zuten programa, aurrekontuan horretarako jarritako dirua amaitu zenean. Baina iaz berriz abiatu zuten, eta Kongresuak Etxe Zuriari agindu zion halako objektuen inguruan duen informazioa behingoz plazaratzeko.

Gaur aurreratu duten txostena da horren emaitza. Ekainaren 25ean jakingo da gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.