AEBetako Gobernuak Texas salatu du, migrazio lege gogor batengatik

Justizia Departamentuak argudiatu du SB4 izeneko neurria «konstituzioaren kontrakoa» dela. Martxoan sartuko da indarrean, eta funtzionarioei aukera emango die legez kanpo sartzen diren etorkinak atxilotzeko, auzipetzeko eta deportatzeko.

AEB MIGRAZIOA
AEBetako mugako agente bat etorkin batzuei agindu bat ematen, Eagle Passen (Texas), joan den abenduaren 21ean. ADAM DAVIS / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 4a
13:20
Entzun

Eskubide zibilen aldeko taldeen ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak aurkeztu du Texasen kontrako salaketa bat, migrazio lege gogor batengatik. Senate Bill 4 izena du (SB4), datorren martxoan sartuko da indarrean eta baimena emango die funtzionarioei —poliziei eta epaileei, adibidez— Mexikotik estatu horretan legez kanpo sartzen edota berriz sartzen diren etorkinak atxilotzeko, auzipetzeko eta kanporatzeko. SB4ren arabera, migratzaileentzat estatu krimen bat izango da hori egitea, eta justiziaren erabakia errespetatuko ez luketenek hogei urtera arteko espetxealdi zigorra jaso lezakete.

Migrazioaren afera geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da herrialdeko politikan; besteak beste, Alderdi Errepublikanoak auzi hori bideratzearekin lotu baitu Ukrainarako eta Israelerako laguntza onartzea. AEBetako Gobernua eta alderdi hori borroka betean daude murgilduta, aurtengo azaroan egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetako lehiaren atariko modura, eta horrek agerian utzi du etorkinen etorrera kudeatzeak zenbaterainoko garrantzia duen bi aldeentzat. Eta horregatik bilakatu da Texas borroka politikoaren adibide nagusia.

Hango gobernadorea Greg Abbott errepublikanoa da, eta haren alderdiak gehiengo osoa du estatuko bi ganberetan. Horrek ahalbidetu dio migrazioaren inguruko legeak arazorik gabe onarraraztea, batez ere Etxe Zuriak sustaturikoak baino neurri gogorragoak hartzeko, hainbatetan salatu baitu Washingtonen estrategia ez dela egokia. Harago joanda, Abbot, modu batera edo bestera, probatzen ari da estatuak zenbateko agintea eta eskumena duen mugako segurtasunaren eta legez kanpoko migrazioaren aferetan.

«[AEBetako] Konstituzioaren Nagusitasun Klausularen eta Auzitegi Gorenaren aurrekaria aintzat harturik, estatuek ezin dituzte onartu Kongresuak finkaturiko esparrua oztopatzen duten migrazio legeak».

VANITA GUPTA Fiskal nagusi laguntzailea

SB4 bilakatu da horren erakusle, eta, AEBetako Justizia Departamentuak argudiatu duenez, «konstituzioaren kontrako» neurri bat da —hori ebazteko eskatu du auzitegi federal batean—. «SB4 lege federalaren mende dago, eta [Ameriketako] Estatu Batuetako konstituzioa urratzen du. Konstituzioaren Nagusitasun Klausularen eta Auzitegi Gorenaren aurrekaria aintzat harturik, estatuek ezin dituzte onartu Kongresuak finkaturiko esparrua oztopatzen duten migrazio legeak», esan du Vanita Gupta fiskal nagusi laguntzaileak.

Texasko gobernadoreak X sare sozialaren bitartez erantzun du, zera idatzita: «[AEBetako presidente Joe] Bidenek salatu egin nau lege bat sinatu nuelako legez kanpokoa bilakatzen duena migratzaile ilegalak Texasen sartzea edo sartzen saiatzea atzerriko nazio batetik».

Mexikoko Gobernua, berriz, pozik agertu da AEBetakoaren salaketarekin; Atzerri Ministerioak esan duenez, Texasko SB4 legea «migrazioaren aurkako neurri bat» da, eta etorkinen kontrako gorrotoa eragin lezake. Migrazioa afera garrantzitsua da herrialde horrentzat ere; milaka etorkin daude haren kontrolpeko eremuan, eta, Biden 2021eko urtarrilean AEBetako estatuburu bilakatu zenetik, inoiz baino lagun gehiago iritsi dira AEBetara Mexikotik; iaz, behin-behineko datuen arabera, 2,2 milioi pertsona.

Hain justu, muga horretan izan da, gaur, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnson —errepublikanoa da—, eta bisita hori baliatu du Bidenen aurka egiteko. Haren arabera, «migrazio krisi bat» dago, eta «hondamendi bat da, argi eta garbi».

Beste neurriak

SB4 legeaz gain, Texasek beste hainbat neurri hartu ditu migrazioari aurre egiteko, eta horietako asko ere salatu dituzte auzitegietan.

Esaterako, hesietako labanak jarri dituzte estatu horren eta Mexikoren arteko mugan, El Pason eta Rio Grande Haranean, eta AEBetako Gobernuak, helegite baten bitartez, herrialdeko Auzitegi Gorenari eskatu zion, herenegun, horiek mozteko baimena emateko mugako agenteei.

Horrez gain, joan den udan, hesi bat jarri zuten Rio Grande ibaian, Texasko gobernadorearen aginduz, eta neurri horren kontrako salaketa ere aurkeztu zuen AEBetako Justizia Departamentuak.

Eta, Abboten aginduz, Texasen sartu diren migratzaile batzuk ere Alderdi Demokrata agintean dagoen hiri batzuetara bidaltzen ari dira; kasurako, New Yorkera eta Chicagora. Horietako askotan, ordea, ez dituzte etorkinak onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.