mundua

AEBetako Gobernuaren itxiera saihesteko lehen urratsa egin dute errepublikanoek eta demokratek

"Urteetako paralisia hautsi" dute bi alderdietako negoziatzaileek. Ordezkarien Ganberan eta Senatuan onartu beharko dute orain bitariko negoziatzaileen hitzarmena.

2013ko abenduaren 11
12:50
Entzun

Joan den urrian gertatutakoa ez errepikatzeko "lehen urrats ona" egin dute AEBetan. Barack Obama presidenteak horixe esan du bart errepublikanoen eta demokraten talde negoziatzaileak hitzartu dutenaren inguruan. Defizita murrizteko eta administrazioaren jarduera ziurtatzeko aurrekontuetan ados jartzea lortu dute. 2010ean errepublikanoek Ordezkarien Ganberaren kontrola hartu zutenetik ezinezko bilakatu da hori, eta joera horrekin ezinbestean hautsi beharrak eraman ditu negoziatzera, herrialdea gelditzea saihestu nahi badute.

Akordioak bi urterako konpromiso fiskala barneratzen du, ekonomiaren egonkortasuna ziurtatzeko. Paul Ryan errepublikanoak eta Patty Murray demokratak eman dituzte lortutakoaren xehetasunak. Biek gidatu dute talde negoziatzailea. "Norabide onean eginiko urrats bat da", Ryanen ustez, eta egungo defizit publikoa 23.000 milioi dolar inguru murriztuko du. Murrayk gogoratu du krisi batetik bestera ibili dela herrialdea azken urteotan Kongresuan kontsentsurik ez lortzeagatik, eta "ziurtasunik ezak susperraldi ekonomikoa suntsitu du".

Joan den urrian zor publikoa beste behin mugara iritsi zen, eta ados jarri ez zirela-eta Altxorra bere burua finantzatu ezinik geratu zen, eta munduko herrialde boteretsuenak ordainketak etenda utzi zituen. Datorren urtarrilaren 15era arteko behin-behineko finantzaketa hitzartzea lortu zuten azkenean.

Kongresuak gobernu federalari ezarritako kontrol mekanismo bat da zorraren muga. Altxorrari neurri gabe zorpetzeko aukera mugatzen dio, eta Kongresuari Altxorra kontrolatzeko ahalmena ematen. Mugak ezarrita, diru sarreren gainetik gastatzen den garaietan, Etxe Zuria behartzen du Kongresuarekin negoziatzera; kontrol politikoa saihestu nahi izanez gero, defizita murriztera eta aurreztera behartuta dago.

Historikoki, zorraren muga Kongresuaren tresna bat izan da gerrak hasteko erabakian zeresana izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.