AEBetako herritarrak ere CIAren zaintzapean

2007ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bushen plan berriak arrakasta izango duen bermerik ez dagoela onartu du AEBek Iraken duten armadaburu George Caseyk. Luze doa Irakeko okupazioa. Pazientzia aspaldi amaitu zaie irakiar eta estatubatuarrei. Baina Caseyk ohartarazi die, AEBetako asmoak ondo ateratzen badira ere, gatazka ez dela egun batetik bestera bukatuko. Egun 132.000 militar daude, eta beste 21.500 soldadu bidali nahi ditu George Bush presidenteak Irakera. Horietako batzuk jada iritsi dira. Baina munduko potentzia militar nagusiak arazoak ditu soldaduak errekrutatzeko.

Estatubatuar gehienak Iraketik erretiratzearen aldekoak dira. Hiru mila soldadu hil dituzte herrialde hartan. Terrorismoaren kontrako gerra garesti ateratzen ari zaio Washingtoni. Jada, batek baino gehiagok onartu du armada krisian dagoela. Une honetan munduko txokoren batean Estatu Batuen aliatu baten eta aurkari baten arteko gerra lehertuz gero, AEBak ez lirateke hara behar adina soldadu bidaltzeko gai. Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra batera, adibidez, soilik 7.000 eta 10.000 soldadu artean bidali ahal izango lituzkete. Zer esanik ez bi gerrei egin behar badie aurre aldi berean. Zergatik? Bi arrazoirengatik: armadaren zati handiena Iraketik atera ezinik dagoelako, eta, AEBetako langabezia tasa baxua izanik, inor gutxik aukeratzen duelako armada ogibide gisa.

DERRIGORREZKO SOLDADUSKA. «AEBetako armada bertan behera geratuko da, beste milaka militar errekrutatu ezean», ohartarazi du tropa estatubatuarren buru Peter Schoomakerrek. Balizko gatazkei aurre egiteko gai izan dadin,AEBetako armadak 30.000 soldadu gehiago behar dituela uste du hark. Horrek, ordea, denbora eta dirua eskatzen du. Egun, urtean 7.000 soldadu berri errekrutatzen dituzte. Horiek hala, 10.000 militar inguruko talde batek 1.200 milioi dolarreko inbertsioa eskatzen du. Bada, ordea, beste arazo bat, armadako kide direnen heren bat soilik dela borroketan parte hartzen dutenak, profesionalak, alegia. Besteak erreserban daude.

Horiek hala, zenbaitek jada proposatu dute derrigorrezko soldaduska berriz ezartzeko aukera. Oraingoz, baztertu egin dute ideia hori agintariek, baina egoera aldatu ezean iritziz aldadezakete. Adierazgarria da, Washingtonek murriztu egin dituela armadan sartzeko baldintza intelektual eta fisikoak. Adin muga ere 41 urtera igo du, eta 42 urtera igotzeko baimena eskatu dio Kongresuari. Era berean, ahalik eta erreserbista gehien deitu du borrokara, eta luzatu egin ditu soldadu profesionalen kontratuak. Boluntarioak, berriz, 20.000 dolarrekin saritzen dituzte.

Armadan izen-ematea boluntarioa izateak badu, ordea, abantaila bat: desertzioak murriztu egin dira. Baina badaezpada ere, garai batean armadatik ihes egin zuten soldaduak bilatu eta atxilotzen jarraitzen dute agintariek, egungo militarrei desertatzeko ideia burutik kentzeko xedez. Iraken okupazioa hasi zutenetik, 8.000 militar inguruk desertatu dute.

Iturri ofizialen arabera, desertzioa beti egon da, eta ihes egindako horietako asko hilabeteen buruan itzuli egiten dira. Badira ezkutatzen direnak ere. 1965ean, Jerry Texierok ihes egin zuen armadatik. Berrogei urte geroago, 2005eko udan, aurkitu eta atxilotu egin zuten. Bost hilabetez eduki zuten preso. Baina hiru urte arteko kartzela zigorra jaso zezakeen. Beste batzuek gauza bera egiteko asmoa badute ere, Fred Hall armadako eledunak ohartarazi du desertzio kasu guztiak ikertuko dituztela. Washingtonek orain arteko gerra politikarekin jarraitu nahi badu, desertzioak etetearekin soilik ez du ezer lortuko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.