AEBetako kongresista bat tirokatu dute Arizonan, eta hagitz larri dago ospitalean

Eraso berean bortz lagun hil dira, eta gutxienez hamar zauritu; atxilotu dute ustezko erasotzailea

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gabrielle Giffords alderdi demokratako kongresista tirokatu dute, eta hagitz larri eraman dute ospitalera. Tucson hirian, Arizonan, merkataritza gune batean ekitaldi politikoa egitekotan zen Giffords atzo, gizonezko bat hurbildu eta tiroka hasi zen. Barack Obama AEBetako presidenteak bortz lagun hil zituela jakinarazi du—horien artean epaile federal bat—, eta zauritutakoak gutxienez 11 direla. Giffordsi metro eskaseko distantziatik egin zion tiro, eta buruan zauritu zuen. Ustezko erasotzailea unean bertan atxilotu zuten. Duela 32 urte tirokatu zuten azkenekoz AEbetako kongresista bat.

Hasiera batean, gertakariari buruzko informazio nahasgarria eman zuten. AEBetako irrati publikoak jakinarazi zuen Giffords ospitalera ailegatzerakoan hil zela, baina ospitaleko iturriek gezurtatu zuten hori. Ebakuntza-gelan zegoela jakinarazi zuten.

Kongresistak herritarrengana «hurbiltzeko» kanpainaren baitako ekitaldia zen atzo goizean Giffordsek egiteko asmoa zuena. 75 eta 150 lagun inguru elkartu ziren Tucsongo merkatal gune horretan, hango hedabideen arabera. Lekukoen arabera, Giffordsi bi lagunekin solasean ari zela egin zioten tiro. Iturri berberek AEBetako hedabideei azaldutakoaren arabera, ustezko erasotzaileak 15 eta 20 tiro artean egin zituen, bertara hurbildutako jendeak geldiarazi zuen arte. «Hogei urte baino gehiagoko gizon zuria» da erasotzailea, lekukoek diotenez.

Obamak atentatua gogor arbuiatu du, eta «tragedia lazgarria» izan dela adierazi du. «Dakiguna da zentzurik gabeko ekintza izugarria izan dela, gizarte libre batean onartezina dena». Oraindik hari mutur anitz lotzeke daudela adierazi du AEBetako presidenteak.

Pentsamendu aurrerakoia

Giffords bigarren aldiz aukeratu zuten joan den azaroan Ordezkarien Ganberan Arizonako ordezkaria izateko. Ordezkarien Ganberan Espazioaren eta Aeronautikaren azpibatzordearen gidaritza izan du, eta Zientzia eta Teknologiaren batzordean eta Zerbitzu Armatuenean parte hartzen du. Mark Nelly astronautarekin dago ezkondua.

Izaera aurrerakoia azaldu du beti, eta horregatik hainbat eraso jasan ditu, 2007an kargua hartu zuenetik. Azkena bere bulegoaren kontra egin zuten, Ordezkarien Ganberak osasun sistema berrikusteko botoa eman zuenean. Immigrazioaren politika aldatzearen aldekoa da, eta oso kritikoa Arizonako ahots kontserbadoreenekin.

Bera miresten dutenek nabarmentzen dute herritarrenganako erakusten duen gertutasuna, beti eskatu diela egiten duenaren iritzia. Atzoko atentatua izan zen lekura ere deitu zituen jarraitzaileak. «Nire lehen Kongresua zure izkinan hasi da dagoeneko. Eman zure iritzia mesedez», izan da twitter bidez idatzi duen mezu berriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.