Palestinako gatazka

AEBetako Kongresuko hiru ordezkari Gazara joatekoak dira gaur

Lau urtetan egiten den halako lehen bidaia da. Halere, Washingtonek Hamasen gobernuaren kontrako blokeoa, 2006an Israelek ezarria, mantentzen du, eta kongresukideak ez dira agintariekin bilduko, NBEko ordezkariekin baizik. Bisitarien artean John Kerry demokrata dago, 2004an AEBetako presidentetzarako hautagai izandakoa.

2009ko otsailaren 19a
14:23
Entzun
AEBetako Kongresuko bi ordezkari Palestinako Gaza eskualdera joatekoak dira gaur, Maan News webgune palestinarrak jaso duenez, AP berri agentziaren iturriak aipatuta. Lau urtetan egiten den halako lehen bidaia da. Halere, AEBek Hamasen gobernuaren kontrako blokeoari eusten diote (2006an Israelek ezarria, Washingtonen eta Bruselaren oniritziarekin), eta bi kongresukideak ez dira agintariekin bilduko, NBEko ordezkariekin baizik.

AEBek Jerusalemen duen kontsuletxeko (enbaxada Tel Aviven dute) iturriek azaldu dute Brian Baird (Washington estatukoa) eta Keith Ellison (Minnesotakoa) direla bisita egitekoak direnak. Gainera, Senatuko Atzerri Harremanetarako presidente John Kerry (2004ko bozetan presidentetzarako hautagai ohia) ere Gazara iristekoa da gaur iluntzean, nazioarteko erakundeetako ordezkariekin biltzeko.

AEBetako ordezkari ofizial horietako bat, Keith Ellison AEBetako Ordezkarien Ganberako lehenbiziko kide musulmana da. 2006an hautatu zuten.

Iaz Israelek ez zion Jimmy Carterri sartzen utzi

Iazko abenduan AEBetako Kongresuko kide ohi Cynthia McKinney Gazara itsasoz iristen saiatu zen, baina Israelgo gerraontzi txiki batek hura zihoan itsasontziari eraso egin, eta Libanoara desbideratu zuen.

Iaz ere, AEBetako presidente ohi Jimmy Carterri Gazan sartzea eragotzi zion Tel Aviveko gobernuak. Bakearen Nobel saridunari ez zion baimenik eman, lehenago, Sirian eta Egipton Hamaseko ordezkariekin bildu zela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.