AEBetako piloturik gabeko hegazkinek hemezortzi lagun hil dituzte Pakistanen

NATOko indarrek gutxienez hamar lagun hil dituzte Afganistango hegoaldean, talibanen aurkako bi erasotan

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek piloturik gabeko hegazkinekinPakistanen darabilten eraso kanpainak ez du etenik. Atzo, gutxienez hemezortzi lagun hil zituzten Mir Ali herrian egindako bonbardaketetan, Pakistango iturri ofizialek jakinarazitakoaren arabera. Ipar Waziristan probintzian dago Mir Ali, Afganistango mugatik gertu. Talibanen presentzia nabarmena da eremuan, eta AEBetako hegazkinen erasoak ohikoak dira. Iturri ofizialek diote erasoan hildako guztiak ekintzaile islamistak direla.

Hegazkinek bi eraso egin zituzten, Pakistango agintariek diotenez. Lehenbizikoan, ustezko lau ekintzaile zihoazen auto baten aurka bi misil jaurti zituzten, baina kale egin zuten. Lau lagunak ihesean zihoazela, ordea, sei misil gehiago jaurti, eta bertan hil zituzten. Iturri ofizialen arabera, ustezko lau ekintzaile horiek ez ziren pakistandarrak. Bigarren erasoan, berriz, ustezko bertze hamalau ekintzaile hil zituzten, lehen erasoa gertatu zen tokira zihoazenean, iturri berberak dioenez.

Afganistan eta Pakistanen arteko mugan AEBetako piloturik gabeko hegazkinek egindako erasoak gero eta gehiago dira. Iaz, 53 bonbardaketa egin zituzten; aurten, berriz, ehun baino gehiago. Erasorik gehienak Ipar Waziristanen egin dituzte AEBek, talibanak eskualde horretan baitaude indartsuen. Atzora arteko azken erasorik nabarmenena, ordea, iparralderago egin zuten, Khyber eskualdean, hil honen 17an. Orduan, gutxienez 50 lagun hil zituzten. Pakistango agintariek adierazi zuten horiek denak ere ekintzaile islamistak zirela. Pakistango eta nazioarteko hainbat eragilek behin eta berriz salatu dute, ordea, gisako erasoetan hildako gehienak zibilak direla. New American Fundazioaren arabera, hildakoak 900 eta 1.500 artean izan dira oraingoz. Ia erdiak aurten.

Azken egunotan gertakari odoltsu anitz izan dira Pakistanen eta Afganistanen arteko mugako eskualdeetan. Iragan asteburuan, adibidez, berrogeitik goiti errefuxiatu hil zituzten Bajaurren, eraso suizida batean. Ekintzaile batek gainean zeraman lehergailua zartarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko janaria banatzeko gune batean. Egun bat lehenago, Mohmanden, ekintzaile islamisten eta soldaduen arteko borrokaldietan gutxienez 27 lagun hil ziren.

Afganistanen ere borrokan

Bertzetik, Afganistango hegoaldean ere borroka gogorrak izan dira NATOren eta ekintzaile talibanen artean. NATOko indarrek hegoaldeko bi eskualdetan egin diete eraso talibanei. Erakunde militarraren iturriek jakinarazi dutenez, Helmand eskualdean lehergailuak prestatzen ari ziren ustezko ekintzaile talde bati eraso zioten soldaduek, eta Kapisan, berriz, talibanen segada bati tiroka erantzun zioten. Gutxienez, ustezko hamar ekintzaile hil dituzte, iturri berberaren arabera. Talibanek, ordea, hegoaldeko hiri batean, Kandaharren, polizia bat hil eta bertze 26 lagun zauritu zituzten eraso suizida batean.

Aurten, NATOko 700 soldadu baino gehiago hil dira Afganistanen. 2001ean herrialdea inbaditu zutenetik, kopururik handiena da hori. Bederatzi urteotan, guztira, 2.200 soldadu baino gehiago galdu ditu han NATOk. Horietatik 1.440 AEBetakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.