Kajieme Powell zuen izena Saint Louisen tiroz hildako 23 urteko gazteak. Iturri ofizialen arabera, "lapurretan" ari zen polizia bikote batek gelditzeko agindu zionean. Poliziek azaldu dutenez, gazteak ez zuen agindua bete, eta, "lau pausora zegoela, labana atera zuen", eta tiro egin zioten. Bertan hil zen gaztea. Herritarrek "gehiegizko indarra" erabiltzea egotzi die segurtasun indarrei.
Fergusonen ere istiluak izan dira beste behin, eta "manifestazioetatik urrun" egoteko edo hiritik joateko agindu diete segurtasun indarrek kazetariei. Joan den igandeaz geroztik, ehundik gora pertsona atxilotu dituzte protestetan. Horietatik 47, bart gauean.
Aurreko egunetan bezala, gauerdian hasi ziren manifestazioak. Hasieran baketsuak izan ziren arren, protestetan zebiltzanetako batzuek botilak jaurti zizkieten segurtasun indarrei, eta haiek oldartu egin zitzaizkien. Hiriko agintarien arabera, "kanpotik etorritako asaldatzaileak" dira istiluen erantzuleak.
Michael Brown gazte beltzaren gurasoek eskatu dute hilketaren erantzulea, Darren Wilson polizia, prozesatzeko: "Justiziak ekarriko du bakea, ziur nago. Atxilotu eta auzipetu egin behar dute. Egindakoagatik erantzun behar du", nabarmendu du Lesley McSpaddenek, Brownen amak. Gaztea abuztuaren 9an hil zuten tiroz.
Ikerketa
Gaur helduko da Fergusonera AEBetako Fiskal nagusia, Eric Holder, lekukoei entzutera eta frogak jasotzera. Holderrek "lasaitasuna" eskatu die herritarrei, prozesua "behar bezala" bete ahal izateko. "Ulertzen dugu ikerketa independente baten beharra dagoela, eta espero dugu gure lanak horretarako balioko duela. Baina adiskidetze prozesuak aurrera egingo badu, gelditu egin behar du indarkeria oldeak".
Horretaz gain, Poliziaren eta herritarren arteko "konfiantzarik eza" ere aipatu du Holderrek. Haren esanetan, hori berreskuratuko bada, beharrezkoa da segurtasun indarrek gizartearen aniztasuna islatzea.
Beltzak dira Fergusongo herritarrek %65. Polizien %4 inguru soilik dira, berriz, arraza horretakoak.