Mundua

AEBetako presidentegaiak aukeratzeko bozak gaur hasiko dira, Iowan

Demokraten artean Hillary Clinton eta Barack Obama doaz aurretik; errepublikanoen artean, ordea, lehia estuagoa da eta ez dago faborito argirik. Iowako herritarrek estreinatuko dute gaur errepublikanoen eta demokraten presidentegaiak aukeratzeko prozesua.

2008ko urtarrilaren 3a
17:18
Entzun
Arantxa Elizegi

Hasi da lasterketa. Demokraten artean Hillary Clinton eta Barack Obama doaz aurretik; errepublikanoen artean, ordea, lehia estuagoa da eta ez dago faborito argirik, nahiz eta New Yorkeko alkate ohia, Rudolph Giuliani joan, oraingoz, buru. Horiek hala, Iowako herritarrek estreinatuko dute gaur errepublikanoen eta demokraten presidentegaiak aukeratzeko prozesua. Lehena izatea garrantzitsua da boz hauen kasuan, irabazleak indartuta ateratzen direlako kanpainarekin jarraitzeko, bai ekonomia aldetik, eta baita hurrengo bozketetarako ere. Horregatik, hautagaiek atzoko azken minutua ere baliatu zuten Iowako herritarren sostengua bermatzeko.

Auzoz auzo eta atez ate ibili dira azken egunetan Iowan irabazteko aukerak dituzten hautagaien ordezkariak. «Iowan inoiz egin den ahaleginik handiena ari gara egiten hautesleak erakartzeko», nabarmendu du Obamaren ordezkari Gordon Fisherrek. Izan ere, presidentegaiak hautatzeko aurreko biltzarrean parte-hartzea oso baxua izan zen, eta oraingoan ere hala gertatuz gero, hautagaiek behar duten %15a lortzeko arazo gehiago izango dituzte.

Obamarenak ez ziren, ordea, Iowako kaleetan zebiltzan ordezkari bakarrak. John Edwardsek -demokraten artean hirugarrenak- mila ordezkari bidali ditu estatu osora. Horretaz gain, beste ehunka lagun ditu etxeetara deiak egiteaz arduratzen direnak. Adituen arabera, inoizko kanpainarik handiena ari dira egiten bi aldeak botoak eskuratzeko lehian.

BUSH ETA CHENEY LEHIATIK AT. 1928tik lehen aldiz, ez egungo presidentea eta ezta presidenteordea ere ez dira bozetara aurkeztuko. George Bushek, jada, bete ditu legeak ezartzen dituen bi legealdiak; eta Dick Cheney presidenteordeak, berriz, ez aurkeztea erabaki du. Horiek hala, errepublikanoen artean Giuliani da inkestetan aurretik agertzen dena, nahiz eta Mike Huckabeek gertutik jarraitu. Azken hori jarraitzaileei zuzendu zitzaien atzo, bozkatzera deitzeko. «Ez joan bakarrik. Eraman jendea zuekin». Izan ere, demokratentzat baino garrantzitsuagoa da gaurko bozketa errepublikanoentzat, hautagai nagusien arteko tartea handitzeko aukera izango dutelako. Dena den, Iowaren kasuan, Giulianik nahiago izan du ahalegin berezirik ez egin, estatu jendetsuagoetara bideratu du kanpaina, besteak beste, Floridara.

Irakeko gerra, immigrazioa eta gizarte arazoak izan dituzte bi aldeek eztabaidagai nagusi. Alde nabarmena dago, gainera, bi alderdien artean: hautagai demokrata batzuek -Hillary Clinton kasu- bere garaian Iraken okupazioaren alde bozkatu zuten arren, denek eskatzen dute egun tropak erretiratzeko; aldiz, errepublikanoek Bushen estrategia sostengatzen dute. Badira, ordea, aldeak hautagai batzuen eta besteen artean. Hillary Clintonek, esaterako, Bill Clinton senarra presidente zen garaiko esperientzia eta politikagintzan egindako ibilbide luzea argudiatzen ditu hautagai aukeratu dezaten. Obamak, aldiz, dio egungo AEBetako Gobernuko buruzagi askok ere badutela esperientzia aski, baina hala ere, okerreko bidetik eraman dutela herrialdea.

Bestalde, eta presidentetza lortzeko aukera eskasak dituzten arren, badira hautagai independente posibleak ere, New Yorkeko alkate Michael Bloomberg, kasu. Bloombergek ukatu egin du orain arte aurkezteko asmorik duela, baina askok diote oraindik posible lukeela erabakia aldatzea. Gainera ez luke diru bilketa kanpainarik egin beharrik, aberatsa baita. Ron Paul errepublikanoa izan daiteke beste bat. Alderdi barruan lortuko ez duena independente gisa lortuko lukeela diote adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.