Robert Bales AEBetako sarjentuari hamazazpi zibil hiltzea leporatu diote. Martxoaren 11n, ustez Afganistango Kandahar eskualdeko Zangabad base militarretik irten eta Panjwai hirian hainbat etxetan sartu eta hamazazpi lagun tiroz hil zituen, tartean haurrak. Hori horrela, hiltzen saiatzeko eta eraso egiteko delituengatik ere erantzun beharko du epailearen aurrean. Talibanek, dena den, esan dute ez dutela Bales epaituko duten esperantzarik.
«Aurrez prestaturiko ekintza bat izan zen, eta AEBek Afganistanen dituzten tropa guztien aurka mendekua hartuko dugu», esan du Zabihula Mujahid-ek, talibanen bozeramaileak. «Ez dugu epaiketa horietan sinesten», gaineratu du. Erasoaren ondotik, hain justu, AEBekin elkarrizketak eten zituzten talibanek.
Oroimen falta
AEBetako Kansasko Fort Lavenwortheko base militarrean preso dute 38 urteko sarjentua. Militarraren abokatu John Henry Browneren arabera, Balesek ez du gogoratzen martxoaren 11n gertatu zen guztia. Sarraskia egin aurretik edaten egon zen, debekatua egon arren. Oraingoz, Balesek ez du hilketa egin izana onartu.
Hasieran, hamasei lagun hil zituztela zabaldu zen, baina azkenik hildakoak hamazazpi direla baieztatu dute ikerketa iturriek. Bestalde, hildakoen senideek eta erasotik bizirik atera ziren hainbat lagunek salatu dute Balesekerasoa ez zuela bakarrik egin. Erasotzaile bat baino gehiago izan zirela kontatu diote Hamid Karzai presidenteari, eta hark hipotesi hori ere aztertuko duela hitzeman die herritarrei.
Kandaharko sarraskiak Afganistanen eta AEBen arteko harremana gaiztotu du. Etxe Zuriak barkamena eskatu badu ere, herritarrak ez dira konformatu. Barack Obama AEBetako presidenteak esan du gertakaria «lotsagarria eta onartezina» dela, eta gertatutakoa sakonki ikertuko dutela hitzeman du. Erantzuleek legearen aurrean erantzun beharko dutela ere adierazi du.
Karzaik Afganistango herrietatik NATOko tropak ateratzeko eskatu dio Pentagonoari, eta soldaduak «euren baseetan edukitzeko». Etxe Zuriak, dena den, argi utzi du Afganistango estrategia ez duela aldatuko eta tropak 2014an aterako dituela.
AEBetako sarjentuari 17 afganiar hiltzea egotzi diote
Talibanek ez dute Robert Bales ustezko hiltzailearen epaiketan sinesten; «mendekua» iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu