Amerikako Estatu Batuetako Kanpo Harremanetako Batzordea adostasunera heldu zen atzo Sirian esku hartze militar bati ekitearen inguruan. Senatuak Siriari erasotzeko baimena eman dio Barack Obama AEBetako presidenteari, baina mugak ezarri dizkio; 60 egun iraun beharko luke erasoak gehienera ere, eta beste 30 egunez luza liteke erasoa, AEBetako Kongresuak horretarako oniritzia emanez gero.
Washington Post egunkariaren arabera, zirriborro bat prestatu du Senatuak erasoaren mugak zehazteko. Obamak ezingo du soldadu amerikarrik Siriara bidali, "erreskate misioetarako" ez bada. Halaber, Senatuak Etxe Zuria behartuko du lege proiektua onartu eta 30 egunera irtenbide diplomatiko bat aurkeztera.
Senatuak zirriborroa datorren astean onartzea espero du Harry Reid Alderdi Demokrataren Senatuko buruak. Alderdi Errepublikarrak du gehiengoa ganbera horretan. Datorren astelehenean itzuliko dira lanera kongresuko kideak, eta egun horretatik aurrera eztabaidatuko dute Siriaren aurkako balizko eraso baten inguruan.
Joan den larunbatean azaldu zuen Obamak AEBetako Kongresuari baimena eskatuko ziola Siriaren aurkako eraso bat abiatzeko, erasotzeko "dena prest" bazuen ere.
Errusiak ez du esku hartzea baztertu
Errusiako presidente Vladimir Putinek ez du baztertu Sirian esku hartze miltar bat babestea, esku hartze hori Nazio Batuen Erakundeak babesten badu eta Baxar al-Assaden gobernuak arma kimikoak erabili zituela frogatzen bada.
Hala ere, Putinek ez du uste Siriako Gobernuak egin duenik abuztuaren 21ean Damasko kanpoaldean izandako eraso kimikoa. Hipotesi hori "barregarria" dela esan du, uste baitu Al-Assadek ez duela arma kimikoak erabiltzeko beharrik matxinoak setiatuta daudelako.
Eraso kimikoa izandako zonaldean hartutako frogak NBEko Segurtasun Batzordean eztabaidatu beharko liratekeela ere adierazi du Putinek.