AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak lege proposamen bat onartu du, giza enbrioietatik erauzitako zelula amekin egindako ikerketak diru publikoz laguntzea onartzen duena. Bi eguneko eztabaidaren ostean, herenegun egin zen proposamenaren gaineko bozketa, eta emaitza aski argia izan zen: 63 boto alde, 34 aurka. George Bush AEBetako presidenteak 2001. urtean erabaki zuen ikerketa klase horiei finantziazio federala galaraztea, eta erabaki horren kontrako desafioa da Senatuan onartu berri dutena. Nekez egingo du aurrera, ordea. Bushek argi adierazi du aste honetan, beto eskubidea erabiliz, lege proposamena baztertuko duela.
AEBetan egun diru pribatua erabiliz egin daitezke enbrioietatik erauzitako zelula amekin ikerketak, eta zenbait estatuk ere --Californiak eta New Yorkek, esaterako-- dirua ematen dute. Baina ikerketa mota horietan esperantza jarrita dutenentzat, hori gutxi da. Harago egin behar dela diote. Izan ere, enbrioietakozelula amak totipotentzialak dira --edozein ehun klase bihurtzeko ahalmena dute-- eta etorkizuneko medikuntzaren giltza direla diote zientzialari askok. Alderdi Errepublikanoko sektorerik kontserbadoreenek, ordea, ikerketa horietan aurrera egiteak «giza enbrioien suntsiketa» ekarriko duela kritikatzen dute, eta guztiz arbuiatzen dituzte. Eta indartsu sentitzen dira, izan ere, beraiekin guztiz bat eginda dago George Bush presidentea. Haren babes osoa dute.
Atzo, zelula ama enbrionarioen harira, beste proposamen bat ere onartu zuten AEBetako Senatuan. Beste egitasmoaren ordezko gisara aurkeztu zuen Alderdi Errepublikanoak, eta diru laguntza publikoak onartzen ditu soilik bideragarri ez diren giza enbrioietatik erauzitako zelula amekin egindako ikerketentzat. Halaber, zelula ama helduak ere badirela gogorarazi, eta horietan ikertzeko deia egin dute.
Alderdi Errepublikanoaren barruan, ordea, orotariko iritziak daude auzi honen inguruan, eta, desadostasunak nabarmenak dira; atzo, esaterako, 17 senatari errepublikarrekeman zioten oniritzia Senatuan finantziazio publikoaren alde egiten duen egitasmoari. AEBetan publiko egin diren azken inkesten arabera, herritar gehienek begi onez ikusten dituzte enbrioietatik erauzitako zelula amekin egindako ikerketak, eta Alderdi Demokrata horien defentsa irmoa egiten ari da. Kongresuan ere antzeko lege bat aurrera atera zuten urtarrilean.
AEBetako Senatuak zelula ama enbrionarioen ikerketen alde egin du, Bushi desafio eginez
Presidenteak erabakiari betoa jarriko diola esana du, eta nekez aterako da aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu