mundua

AEBetako soldadu bati 24 urteko kartzela zigorra jarri diote, Afganistanen hiru zibil hiltzeagatik

Epaile militar batek zigortu du. "Jendea hiltzea zen plana", esan du Jeremy Morlock soldaduak epaiketan, eta sarjentu batek eman ziela agindua. 

2011ko martxoaren 24a
20:12
Entzun

Kwasi Hawks AEBetako epaile militarrak 24 urteko espetxe zigorra jarri dio Jeremy Morlock herrialdeko armadako soldaduari, Afganistanen hiru zibilen hilketan parte hartzeagatik. Epaia jakin aurretik, Morlockek aitortu du errudun dela, betiere iturri ofizialen arabera, eta konspirazioa egitea, Justiziari trabak jartzea eta drogen kontsumo ilegalean aritzea ere aitortu du.

"Zein zen plana: tiro eginda jendeari sustoa ematea edo haiek hiltzea?", galdetu du epaileak epaiketan. "Jendea hiltzea zen plana", erantzun du Morlockek, eta euren zeregina zibilak hiltzea zela. Soldaduaren arabera, Calvin Gibbs sarjentuak eman zuen agindua. Gibbsek gorpuen ondoan AEBetako militarren armak utzi zituen orduan, horiek defentsa propioan aritu izan zirela erakutsi nahian.

Epaile militarrak jakinarazi du Morlocki betiko kartzela zigorra jarri diola ia, baina azkenean fiskalarekin akordioa egin duela 24 urtekoa ipintzeko. Washingtonen izan da epaiketa, Lewis-McChord base militarrean.

Hiru zibil haien hilketan beste lau soldaduk ere hartu zuten parte, iturri ofizialek diotenez. Kandaharren izan zen gertaera, iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.