Mundua

AEBetako soldaduak 2014. urtetik aurrera ere Afganistanen izango dira, "akordio estrategikoari" esker

Barack Obama AEBetako presidenteak iragarri gabeko bisita egin zuen atzo Afganistarena, eta NATOren misioaren amaieraren ondoren ere bere soldaduen presentzia bermatuko duen akordioa sinatu du Hamil Karzai presidentearekin.

2012ko maiatzaren 2a
09:22
Entzun

Barack Obama AEBetako presidenteak eta Hamid Karzai Afganistango presidenteak akordio estrategikoa sinatu zuten atzo gauean, 2014. urtetik aurrera ere AEBetako soldaduak Afganistanen egotea ahalbidetuko duena. Urte horretan amaituko da NATOren misioa Afganistanen, hamar urteren ondoren. Obama Afganistanen izan da bisitan, ezustean.

Akordio horren bitartez, AEBek Afganistango segurtasun indarretako kideak trebatzen jarraituko dute. Obamak adierazi du dagoeneko inguruan dituen soldaduen kopurua erdira jaitsi dela, eta "gehiago laster" itzuliko direla etxera. 

Gainera,  Al-Qaedaren aurkako operazioarekin jarraitzea ahalbidetuko du hitzarmenak. Obamaren arabera, Al-Qaeda garaitzea "eskura" dago.

Akordioa sinatu ondoren bi presidenteek egindako adierazpenetan bakea "elkarrekin" lortzeko konpromisoa hartu dute. Epe luzera kide izaten jarraitzeko asmoa agertu zuten biek.

Obamak azaldu du Afganistan bisitatu duela bi herrialdeen artean dauden "loturak azpimarratzeko", eta AEBetako eta Afganistango herritarrei eskerrak emateko, haien "sakrifizioagatik".

Atzo gauean bete zen urtebete AEBetako soldaduek Osama bin Laden Al-Qaedako burua hil zutenetik. Presidente denetik hirugarren aldiz bisitatu du Obamak Afganistan.

 

 

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.