Irak

AEBetako tropek Najafetik alde egiten badute miliziak erretiratzeko prest dago Al Sadr

Irakeko behin-behineko Gobernuarekin negoziatzen dihardu gaur goizetik Moktada Al Sadr imamak, oldarraldi xiitaren buruzagiak, eta milizianoak Najafetik erretiratzeko baldintzak zeintzuk diren zehaztu du: hala, AEBetako tropek xiiten hiri santu horretatik alde egitea da Al Sadrek ezarritako baldintza nagusia, eta, halaber, Najafen kontrola xiiten buruzagi erlijioso nagusien esku geratzea. Guztira hamar baldintza ezarri ditu Al Sadrek.

2004ko abuztuaren 13a
17:21
Entzun
Ali al-Sumeisin xekeak, buruzagi xiitaren bozeramaileetako batek, azaldu du zeintzuk diren baldintza horiek, Najafen bertan eman duen prentsaurreko batean. Guztien artean, funtsezkoak bi: batetik, AEBetako tropek hiritik alde egitea, eta, bestetik, Najafen kontrola Marjaiya -ren esku geratzea, hau da, Irakeko xiiten buruzagitza erlijioso nagusiaren mende.

Nolanahi ere, informazio kontrajarriak heltzen dira etengabe Iraketik. Al Arabija telebista kateak zabaldu du Al Sadrek milizien erretiratzea dagoeneko onartu duela, eta Najaf erdialdeko gotorlekuetatik alde egiteko baimena eman diela bere gerrillariei.

Halaber, Al Sadren osasun egoerari buruzko informazio kontraesankorrak zabaldu dira azken orduetan. Buruzagi xiitaren hurbileko iturriek gaur goizean jakinarazi dute AEBek bart gauean egindako bonbardaketetan zauritu egin dutela Al Sadr. Irakeko behin-behineko Gobernuak, ordea, gezurtatu egin du informazio hori.

"Moktada Al Sadr imam xiita ez dago zaurituta, eta une honetan, Najafeko Ali Imamaren mausoleotik irtetzeko aukera negoziatzen ari da Irakeko Gobernuarekin", adierazi du Fala al-Nakib Barne ministroak. "Modu baketsuan ateratzen bada ez zaio ezer txarrik gertatuko", erantsi du.

Nolanahi ere, gaur goizetik nolabaiteko su-etena dagoela indarrean Najafen; nazioarteko albiste agentzien arabera, asko baretu da azken egunetako borroka giroa.

AEBetako soldaduek eta Irakeko segurtasun indarrek Al Sadren etxebizitza hartu zuten atzo indarrez, baina altxamenduaren buruzagia ez zegoen han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.