Maywand barrutiko hilketak
•2011ko martxoak 20. Alemaniako Der Spiegel astekariak AEBetako soldadu batzuen argazkiak argitaratu zituen, urtebete lehenago haiek hildako biktimekin. Hamabi soldaduko talde batek gutxienez hiru zibil hil zituen Maywand barrutian, «dibertitzeko».
Soldaduak gorpuei pixa egiten
•2012ko urtarrilak 11. Erabiltzaile anonimo batek Interneten bideo bat jarri zuen. Bertan, AEBetako soldadu talde bat ageri zen ustez borrokan hildako talibanen gorpuei pixa egiten, txantxak egiten zituzten bitartean. Irudiak 2011n grabatutakoak ziren.
Koran aleen erreketa
•2012ko otsailak 21. AEBen Bagrameko basean koranaren aleak erre zituztela ikusi zuten langile afganiar batzuek, eta berria berehalakoan hedatu zen herrialde osora. Hurrengo egunetako protesta oldeetan estatuko indarrek eta NATOkoek30 lagun inguru hil zituzten.
Panjwai barrutiko hilketak
•2012ko martxoak 11. Ustez AEBetako soldadu batek hamasei zibil hil zituen Panjwai barrutiko bi herrixkatan tiroz, horietako bederatzi haurrak. Ustezko erasotzailea Seattle ondoko Lewis-McChord base militarrekoa zen, Maywand barrutiko hiltzaileak bezala.