hondamendia Japonian

AEBetan eta Mexikon erradiazioa igo egin dela jakinarazi dute agintariek

Igoera txikia da, eta osasunarentzat ez dela batere kaltegarria argitu dute. Edonola, neurketa gehiago egiten jarraituko dute. Fukushiman mila gorputik daude oraindik jaso gabe erradiazioagatik.

2011ko martxoaren 31
10:54
Entzun

AEBetako eta Mexikoko agintariek jakinarazi dutenez, euren herrialdeetan erradiazio maila handitu denaren arrastoak aurkitu dituzte. Atzemandako mailak ez direla osasunarentzat batere arriskutsuak esan dute, baina neurketak egiten jarraituko dutela iragarri dute.

Mexikon Ozeano Barearen kostaldean neurtu dute erradiazioaren igoera, eta Gobernuaren Idazkaritzak ohar batean esan duenez, erne egongo dira aurrerantzean. AEBetan New Yorken iodo erradiaktibo arrastoak aurkitu dituzte airean eta eurian, baina Mexikon ez bezala kasu horretan ez dute lotu zuzenean Japoniako hondamendiarekin.

AEBetako beste estatu batzuetan ere neurketek antzeko emaitza eman dutela gaineratu dute, besteak beste, Hawaiin, Kalifornian, Nevadan, Floridan, Masachusetsen, Washingtonen eta Pensilvanian.

"Infernua"

Fukushiman, bitartean, erreaktoreak hozteko ura botatzen jarraitzen dute. Gaur jakin da, gainera, zentralaren inguruetan mila gorpu inguru daudela, orain arte erradiazioa dela eta jaso ez dituztenak. Gorpuak zentralaren inguruan 20 kilometroren eremuaren barruan daude, eta agintariek esan dutenez, "erradiazio maila oso altuak jasan dituzte".

Larrialdi zerbitzuetako langileak arriskuan jarri gabe, gorpuak nola jaso aztertzen ari dira. Fukushimako zentral nuklearrean lanean ari diren langileek hura "infernua" dela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.