AEBetan leku publiko batean suzko armekin egindako sarraskia gertatu da bertze behin. Coloradoko Aurora hiriko zinema batean izan da oraingoan, film baten estreinaldian, ortzegun gauerdian. Lekukoen arabera, gas maskara batekin jantzitako lagun bat sartu da pelikula ematen ari ziren aretoan, eta ikusleak tirokatu ditu. Hamabi lagun hil ditu, eta 50 inguru zauritu. Biktimen artean haurrak ere badaude. Poliziak zinemaren ondoko aparkaleku batean atxilotu du ustezko erasotzailea, James Holmes izeneko 24 urteko gaztea. Haren etxea «bonba tranpez betea» aurkitu duela erran du Poliziak.
Gertaerak oihartzun zabala izan du AEBetan ez ezik, mundu osoko hedabideetan ere, hildako kopuruaz gain erasotzaileak hautatu duen helburuak eta prozedurak arreta erakarri baitute. Batmanen sagako azken filmaren (Batman, The Dark Knight Rises) estreinaldia egiten ari ziren Aurorako zinema horietan, eta horrek ikusle anitz erakarri zituen. Pelikula areto batean baino gehiagotan ari ziren ematen une berean.
Hainbat lekukok hedabideei jakinarazi dietenez, filma hasi eta hamar minutu ingurura larrialdietarako atetik lagun bat sartu zen bederatzigarren aretora. «Beltzez jantzita zegoen, eskopeta bat zuen esku batean, errifle bat soinean gurutzatuta, eta balen aurkako txalekoa eta gas maskara zituen», adierazi dio James Wilburn lekukoak The Denver Post egunkariari. Erasotzailea ikusi dutenek haren janzkera Batmanen azken filmeko gaizkilearenaren antzekoa zela diote, Bane izeneko pertsonaiarena. Ikusleen arabera, aretora sartzerakoan negarra eragiteko gasa jaurti du erasotzaileak, eta ondoren hasi da tiroka.
«Txantxa dibertigarri bat»
Erasotzailearen janzkerak, jaurtitako gasak sortutako keak eta benetako tiroen zaratak filmekoekin nahastearen ondorioz, ikusle anitzek kontatu dute hasiera batean ez zirela ohartu gertatzen ari zenaz. «Petardoak zirela uste genuen; hortaz, filma ikusten jarraitu genuen», adierazi dio lekuko batek ABC kateari. Bertze batek CBSri adierazi dionez, berriz, pelikularen parte zen «txantxa dibertigarri bat» zela pentsatu zuten hasiera batean.
Bertsio ofizialaren arabera, Poliziak tiroketa hasi eta lau minutura izan zuen erasoaren berri. Zinemara joandakoan, aparkalekuan atxilotu zuten Holmes, 24 urteko gaztea. Poliziaren arabera, errifle batekin, eskopeta batekin eta labana batekin armatuta zegoen, baina agenteei ez zien aurre egin. Atxilotuak jakinarazi zien etxea lehergailuz beteta zuela. Aurora iparraldeko etxebizitza oso bat hustu zuen Poliziak, eta atxilotuaren etxea bonbaz beteta aurkitu zutela dio. «Egunak eman ditzakegu hemen», adierazi du Dan Oates poliziaburuak.
Ustezko erasotzailea medikuntza ikasle ohia da, eta jatorriz Tennesseekoa. Erasoak «terrorismoarekin» loturarik ez duela erran du FBIk, alegia, ez duela motibazio politikorik izan. Zaurituei dagokienez, horietako batzuk egoera larrian daudela erran dute agintariek. Hiru hilabeteko ume bat ere zauritu da, baina egunean bertan atera dute ospitaletik. Hildakoetako bi erietxean hil dira. Poliziak hasiera batean hamalau lagun hil direla erran du, baina gero hamabira jaitsi du kopurua.
Etena, bozen kanpainan
Tiroketaren ondorioz, Barack Obama presidenteak bertan behera utzi zituen atzo Floridan egitekoak zituen kanpainarako ekitaldiak, eta Mitt Romney hautagai errepublikanoak ere gauza bera egin zuen. Batmanen filmeko lantaldeak, berriz, Frantzian egitekoak zituen ekitaldiak bertan behera utzi zituen.
AEBetan urtero gertatzen dira gisa horretako tiroketak. Iragan apirilean, adibidez, Kaliforniako unibertsitate batean ikasle ohi batek zazpi lagun hil zituen. Aurora hiriaren estatuan, berriz, Coloradon, 1999an Columbine ikastetxean izandakoak du sona handiena —bi ikaslek hamahiru lagun hil, eta bere buruaz bertze egin zuten—. AEBetan herritarrek eskura dituzte armak, salmenta liberalizatuta dagoelako. Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak Obamari eta Romneyri galdetu die ea prest dauden azken tiroketaren ondoren kontrola areagotzeko neurriren bat hartzeko.
AEBetan hamabi lagun hil dituzte film baten estreinaldian tirokatuta
Coloradoko Aurora hiriko zinema batean izan da erasoa, eta Poliziak 24 urteko gazte bat atxilotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu