AEBetara «aldaketa aroa» iritsi dela iragarri du Obamak, Iowan irabazita

Huckabeek irabazi du errepublikanoen artean; New Hampshire izango da erabakitzen hurrengoa

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aldaketaren aldekoek eta muturreko kontserbadoreek irabazi dute Iowako caucus edo batzarretan. Politikan hasi berria den Barack Obama aukeratu dute lehenek, eta abortuen eta sexu bereko ezkontzen aurka dagoen Mike Huckabee bigarrenek. Hautagai demokratak iragarri du AEBetara «aldaketa aroa» iritsi dela frogatzen duela bere garaipenak. «Egun hau ez zela inoiz iritsiko zioten. Baina zinikoek ezinezkotzat zutena lortu duzue».

Huckabee bat etorri da Obamarekin, esaterakoan politikagintzara egun berria iritsi dela, baina ohartarazi du lasterketa hasi besterik ez dela egin. Hautagai errepublikanoak eskerrak ere eman dizkie jarraitzaileei: «AEBetako politika herriaren esku dagoela erakutsi dugu, eta ez dirua ematen digutenen esku».

Alderdi Demokratako presidentegai izateko beste bi hautagaiak, John Edwards eta Hillary Clinton, bigarren eta hirugarren tokian geratu dira. Baina jada hasi dira New Hampshiren asteartean egingo duten bozketarako prestatzen. «Prest nago geratzen den kanpainarako; prest nago irabazteko», iragarri du Clintonek. Obama izango du aurkari nagusi asteartean, eta adituen esanetan, Iowan eta New Hampshiren lehen postuetatik at geratzen direnak, ez dute lasterketa irabazteko aukerarik. Aldiz, Iowan irabazi duten hautagai gehienak beren alderdietako presidentegai bilakatu dira.

Iowan lehiatu diren errepublikanoen artean Mitt Romney izan da galtzaile handia. Inkestetan Huckabeeren pare zegoen, bainaezin izan dio aurre hartu. Izan ere, Iowako herritar gehienak erlijiosoak dira. Ondorioz, erraz irabazi duHuckabeek. New Hampshiren, ordea, egoera oso bestelakoa da. Gutxi dira han Huckabeeren muturreko kontserbadurismoa gogoko dutenak. Hori badakite, bere jarraitzaileek ere: «Hautagai zoragarria da. Uste dut irabazi dezakeela, baina ez dakit horren ona den», dio Mary Duggarrek.

Presidentegai izateko, kanpaina ona egitea ez da nahikoa, dirua ere behar da propaganda alde guztietara hel dadin, eta alor horretan Huckabeek bide luzea du. Beste hautagai errepublikanoak baino beranduago aurkeztu du bere hautagaitza, eta ondorioz, atzetik doa diru bilketan ere.



HAUTAGAIEN HUTSUNEAK, AGERIAN. Orain arte, denak saiatu dira zergatik aukeratu behar dituzten argudiatzen, beren ezaugarri onenak nabarmenduz. Baina Iowako caucus-etan beren akatsak ere argitara atera dira. Hillary Clinton, esaterako, presidentegaitza lortzeko aukera gehien dituenetako bat da eta esperientzia luzea du politikagintzan; aldi berean, ordea, banaketa handia eragiten du herritarren artean, eta batez ere, Washingtonen.

Romneyren kasuan, berriz, Massachusettsko gobernadore zen bitartean abortuaren eta denentzako osasun zerbitzuak bultzatzearen alde agertu zen; orain, ordea, aurka dago. Hautesle kontserbadoreek, baina, ez dituzte batere gustuko jarrera horren erraz aldatzen duten hautagaiak.

Barack Obamak berak, lehen bozketa irabazi badu ere, badu ahultasunik. Politikagintzan egindako bide laburra batetik, eta aurkarien kritikei erantzuteko esperientzia eskasa bestetik. «Obamak orain arte izugarrizko zortea izan du. Ez die aurre egin behar izan esperientziadun aurkari baten kritika zuzenei. Inork ez daki nola erantzungo dien horiei, eta nola erantzungo duten hautesleek», iritzi dio Dan Newman estratega demokratak.



KRITIKAK. Lasai antzean ibili dira orain arte hautagaiak, baina lasterketa hasita, lehia ere gogortzen doa, eta kanpoan geratu nahi ez duenak atzaparrak erakutsi behar ditu. Ondorioz, elkarren akatsak bilatzen hasiak dira. Clintonek eta Edwardsek, esaterako, bideragarria ez den osasun plana aurkeztea egotzi diote Obamari; eta Huckabeek, berriz, Romney mormoia dela gogorarazten die herritarrei -AEBetan gaizki ikusia dago mormonismoa-.

Dena den, guztiek dute Etxe Zuriraino iristeko itxaropena. «Irakeko gerra amaitu, eta tropak etxera ekarriko dituen presidentea izango naiz», iragarri zuen atzo Obamak, Iowan irabazi zuela jakin ostean. Clintonek, berriz, lehia hasi besterik ez zela egin gogorarazi, eta Washingtonen egoteko pertsona egokiena bera zela nabarmendu zuen.



«Irakeko gerra amaitukoeta tropak etxeraekarriko dituenpresidentea izango naiz»

Barack obama
Alderdi demokratako hautagaia
«AEBetako politika herriaren esku dagoela erakutsi dugu, eta ez dirua ematen digutenen esku»

mike huckabee
Alderdi Errepublikanoko hautagaia




ZenBaKIa

50

Bozen kostua. AEBetako presidentegaiak aukeratzeko lasterketa ez da batere merkea. Iowan, esaterako, 50 milioi dolar erabili dituzte bozketak antolatzeko.





DaTua

Lehen erretiratuak. Iowako biltzarretan garaileak ez ezik, galtzaileak ere izan dira. Chris Dodd eta Joe Biden demokratek beren hautagaitzak erretiratzea erabaki dute, bozketetan, hurrenez hurren, botoen %0,02 eta %1 lortu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.