Afganistango Baghlan eskualdean gutxienez 80 lagun harrapatuta geratu dira bi lurrikarak eragindako lurjauzi baten ondorioz. Lurrikarak atzo izan ziren, 5,4 eta 5,7 gradukoak, eta gaur eskualdeko buru Abdul Makhidek azaldu duenez, gutxienez 22 etxebizitza geratu dira lurraren azpian.
Momentuz soilik bi emakumeren gorpuak atera dituzte, eta 20 lagun ospitalera eraman dituzte.
"Uste dugu ezin izango dugula gorpu gehiago atera", esan du Makhidek. Nazio Batuen Erakundea inguruko agintariekin harremanetan da, zein laguntza mota behar duten zehazteko.
Afganistan iparraldean maiz izaten dira lurrikarak. 2002. urtean izan zen lurrikara baten ondorioz 2.000 lagun baino gehiago zendu ziren inguru horretan.