AFGANISTAN . Kabul diruz laguntzen jarraituko du nazioarteak

Karzai presidenteak agindu du miliziak desegin, opio ekoizpena geldiarazi eta pobrezia murriztuko duela datozen urteetan

Agentziak
KABUL
2006ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Nazioarteak bost urterako ekintza plana hitzartu zuen atzo Londresen, Afganistango gatazka giroari aurre egin eta gerrak eragindako kalteak gainditzeko. Kabulgo gobernuak miliziak desarmatzeko, giza eskubideak bermatzeko, txirotasuna gutxitzeko eta droga trafikoa geldiarazteko hainbat neurri jarriko ditu martxan. Hori babesteko, nazioarteak diru laguntzak ematen jarraituko du.

Afganistanerako Plan Trinkoa izenekoaren helburua 2001eko abenduan Bonnen (Alemania) hartutako konpromisoei eustea da. Urte hartako urrian, AEBek erasoa jo eta talibanen gobernua agintetik kendu zuten. Bi hilabete geroago, Bonnen, bestelako sistema politiko bat ezarri zuen nazioarteak. Plan berriaren arabera, Kabulgo gobernuak hitzeman du milizia armatuak desarmatuko dituela datorren urterako eta Armadako kideen kopurua hirukoiztu egingo duela (70.000 kide izango ditu). Opio eta heroina ekoizpena gutxitzea da Hamid Karzai presidentearen beste helburuetako bat. Horretarako hamar urte beharko dituela esan zuen atzo Karzaik. Munduko opioaren eta heroinaren %90 ekoizten da Afganistanen. «Afganistango nazioa gatazkaren errautsetatik atera eta itxaropenaren argi bihurtu da gure jendearentzat eta munduarentzat», dio txostenak.Orain arte jasotako diruarekin, ospitale eta errepide berriak eraiki ditu Gobernuak eta baita hezkuntza sustatu ere. Ume eskolatuen kopurua 900.000tik bost milioira igo da. Baina afganiarrak etsita daude, gehienak pobreak direlako heriotza tasa munduko altuenetarikoa da eta gobernuak dirua alferrik galdu duen ustea daukatelako. Gainera, gatazka ez da amaitu. Iaz, 1.600 lagun hil ziren erasoetan; 2001etik urterik odoltsuena izan zen. Londresko bileran 70 herrialde eta nazioarteko erakunde ari dira parte hartzen, atzo hasi eta gaur arte. AEBek 1.100 milioi dolar agindu dizkiote Kabuli datorren urterako eta Londresek 800, datozen hiru urteetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.