Tropak Afganistandik ateratzeko 2010ean Lisboan onartutako egutegia «aldaezina» dela berretsi du NATOk atzo eta herenegun Chicagon egindako goi bileran. Aurreikusi bezala, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek «gradualki» eta «erantzukizunez» emango dizkiete eskumenak Afganistango armada eta Poliziari «2014ko urte amaierara bitartean». AEBek, esaterako, bertan dituen 90.000 soldaduetatik 23.000 aterako ditu aurten.
Tropak erretiratzeko aurreikusitako epea betetzeari uko egin dion agintari bakarra François Hollande izan da. Kanpainan agindu bezala, Frantziako presidenteak berretsi du 2012a amaitu baino lehen aterako dituela Afganistanen dituen soldadu guztiak, 3.500 hain zuzen. Atzoko bileran aliantzarekiko bereizketa hori irudikatu zuen Hollandek, ez baitzen batzarraren hasierako ekitaldira joan —azaldu duenez, Poloniako presidentearekin eta NBEko idazkari nagusiarekin bilduta egon zen momentu horretan—. NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenen eta Barack Obama AEBetako presidentearen hitzaldi laburren ostean iritsi zen bilerara. Hala ere, Rasmussenek esan du Parisen erabakiak ez duela hautsiko tropen erretiratze prozesua, eta gaineratu du Frantziak «beste modu batera» babestuko duela misio hori.
«Afganistan segurua»
Nazioarteko tropen erretiratzea faseka egiten ari dira, probintziaka, eta azken fasea 2013 erdialdera hasiko dutela jakinarazi du aliantzak. Hamid Karzai Afganistango presidenteak, bestalde, azaldu du laster dela hastekoa tropen arteko eskumen trantsizioaren hirugarren atala. Fase hori bukatzerakoan afganiarren %75 bertako segurtasun indarrek kontrolatutako lurretan egongo dira. Baina segurtasunaren lidergoa Afganistango armadaren eta Poliziaren esku egoteak ez du esan nahi datorren urtean nazioarteko tropek borrokarik egingo ez dutenik, John Allen AEBetako armadako eta NATOko jeneralak Chicagon gogorarazi duenez.
Dena dela, 2015etik aurrera ere Afganistanen jarraituko du NATOk. «Kabulgo gobernuaren eskariz, prest gaude 2014tik aurrera misio berri bat ezartzeko. Izaera ezberdineko misioa izango da, eta Afganistango segurtasun indarrei heziketa, dirua eta laguntza teknikoa eskaintzea izango ditu helburu», dio aliantzak Chicagon onartutako agiriak. Gainditu beharreko erronkak ez direla nolanahikoak aitortu du Rasmussenek, baina «elkarrekin egindako benetako aurrerapena» gogorarazi eta etorkizunerako animoak eman dizkie estatu kideei: «NATOren misioa ezinbestekoa izan da Afganistan terroristen babesleku ez izateko. Gure helburuari lotuta jarraitzen dugu: Afganistan seguru eta demokratiko bat eskualde egonkor batean».
Oraindik ez dute zehaztu zenbat soldaduk osatuko duten aliantzaren etorkizuneko ordezkaritza Kabulen, baina ISAFek egun duena baino tamaina txikiagoa izango du —130.000 soldadu ditu orain—. «Ez ditugu afganiarrak bakarrik lagako. Aliantza luzea hitzartuko dugu Afganistanekin 2015etik aurrera ere hango indarrak babesten jarraitzeko», esan du Obamak, eta «gerra hau bukatzeko», Kabulgo segurtasun indarren «lidergoan» konfiantza osoa duela gaineratu du. «Eskualdeak eta munduak interes handia dute Afganistan egonkorra eta segurua izan dadin». Horretarako, besteak beste, 2015etik 2018ra bitartean Afganistango armada eta Polizia finantzatzeko proposamena egin du Etxe Zuriak: estatu kide guztien artean 3.200 milioi euro inguru jartzea.
Defentsa «inteligentea»
2015erako Afganistandik tropak atera eta ondorengo urteetarako «lankidetza» lotzearekin batera, aliantzaren barne antolamendua eta finantza-sistema eraldatzea da NATOk epe ertainera duen bigarren erronka nagusia. «Diru gutxiagorekin segurtasun handiagoa bermatzea», alegia. Lehenengo erronka bezala, bigarrena ere batasunean eta adostasunean oinarrituta bideratu nahi du aliantzak.
Mahaiaren gainean zenbaki zehatzik jarri ez arren, aliantzaren etorkizuneko finantza eredu berriaz ere berba egin dute Chicagon. «Murrizketen garai honetan euro bakoitza, dolar bakoitza eta libera esterlina bakoitza hartu behar da kontuan», dio aliantzaren agiriak. Garai ekonomiko berrira moldatzeko formula Rasmussenek proposatu du: Smart defense edo defentsa inteligentea.
Estatu kide bakoitzak NATOk gehien behar dituen baliabideak garatzea proposatu du, hau da, herrialde bakoitzak bere espezializazioa sakontzea denek dena egin beharrean. Horrek herrialdeen arteko elkarlana eskatzen du, konfiantzan oinarritutako harremana, eta hori ez da erraza izaten beti. Gainera, formula berriarekiko errezeloak ere zor daitezke, bakoitzaren espezializazioak eta baliabideak elkarbanatzeak arriskuan jar baitezake estatuen subiranotasuna, ez dutelako bermerik izango eurentzat beharrezkoa denean baliabide horiek jasotzeko.
Esku hartzerik ez Sirian
Antolakuntza aldaketarekin batera, finantzazio aldaketa dakar Rasmussenen formula berriak. «Beharrezkoa baino gehiago da AEBek eta Europako Batasunak defentsan gastatzen dutenaren arteko aldea orekatzea». Eta horren adibidetzat «Libiako krisia» aipatu du. «Sistema eta baliabide modernoagoak behar ditugula ikusteaz gain, agerian geratu da AEBen baliabide aurreratuekiko menpekotasuna gutxitu behar dela». Ildo horretan, NATOk bere eremutik kanpo esku hartzeko orduan «sakon hausnartu» behar duela uste du Rasmussenek, eta Siriaren egoera «gero eta larritasun handiagoz» jarraitzen badu ere herrialde horretan esku hartzea baztertu du.
Joan den apirilean NATOko Atzerri ministroek egindako bileran egin zuten aliantzaren baliabideak modernizatzeko eta finantza sistema aldatzeko aukeren inguruko eztabaida, eta NATO 2020 agirian bildu zuten proposamena. «NATOk ez du munduko jendarme bihurtzeko asmorik», apirileko bileran Rasmussenek azaldu zuenez. Baina XXI mendeko aliantza arina eta malgua izan behar dela dio agiriak, «aurreikusi ezin daitezkeen faktoreez jositako garai bati aurre egiteko».
NATOren goi bilera
Afganistandik erretiratzeko epeari eutsi dio NATOk, Frantziarik gabe
Tropak 2014. urtearen amaierarako ateratzea berretsi du aliantzak Chicagoko bileran; Parisek aurten aterako ditu soldadu guztiak2015etik aurrera heziketa, dirua eta laguntza teknikoa eskaini nahi du NATOk Kabulen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu