Afganistanek bozkalekuen %10etako botoak berriz zenbatuko ditu

Salaketak aztertzeko batzordeak zehaztu du 24.630 hauteslekutatik 2.516ren emaitzak ikertuko dituztela

Erredakzioa
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Abuztuan egindako Presidentetzarako bozetan iruzurrik egon ez zen edo ez argitzeko, bozkalekuen %10etako botoak berriz zenbatuko dituztela iragarri du Afganistango Hauteskundeetako Kexuen Batzordeak (ECC). Batzorde horren buruak, Grant Kippenek zehaztu duenez, hauteskunde egunean zabalik egon ziren 26.000 zentroetatik 2.500etan jasotako emaitzak gainbegiratuko dituzte.

Batzordeak orain artean jakinarazitako datuen arabera, bozkatu zuten afganiarretatik %54,1ek Hamid Karzai presidentearen alde egin zuten. Eta haren arerio politiko nagusiak, Abdula Abdulak, botoen %28,3 eskuratu zituela dio IEC Hauteskunde Batzorde Independenteak. Hori hala balitz, Karzai berriz ere presidente izendatuko lukete, bigarren itzulia egin beharrik izan gabe. Izan ere, botoen erdia baino gehiago eskuratu ditu.

Prozesu amaigabea

Emaitza horiek behin-behinekoak dira, ordea. Eta alda litezke, ECCk gainbegiratzeko eskatu duen bozkalekuetan iruzurra izan dela frogatzen badute. Hautagaiek botoen %95 baino gehiago eskuratu dituzten bozkalekuetako botoak berriz zenbatzeko eskatu du, zehazki. Baita espero zituzten 600 boto-paperak baino gehiago zenbatu dituztenetakoak ere. Beste zenbaketa horrek luzatu egingo du behin betiko emaitzak ezagutarazteko prozesua.

Bestalde, ECCk egindako iragarpenak tentsioa areagotu baino ez du egin Afganistanen. Abdulak behin baino gehiagotan ohartarazi du balizko iruzurraz. Artean, IECren eta ECCren artean liskarrak daudela esan dute diplomazialariek. NBE Nazio Batuen Erakundeak zalantzan jarri du Karzairen garaipena.

Emaitzak jakinaraztea urtebetez luzatzen bada, trantsiziozko gobernu baten alde egingo lukeela esan du Abdulak; ez bera ez Karzai buruzagi ez duen baten alde, alegia. Reuter berri agentziari egin dizkio adierazpenak, eta ez du argitu noren alde egingo lukeen trantsizioko gobernuburu izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.