Afganistanek eta NATOk talibanen kontrako erasoa areagotu dute Kandaharren

AEBek Pakistanen aire erasoak egin izana salatu du Islamabadek; oldarraldi hauetan, 50 gerrillaritik gora hil dira

2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Afganistanen zabaldutako nazioarteko tropek eta hango armadak areagotu egin dute talibanen kontra iragan udaberrian abiatutako erasoaldia. Kandahar talibanen gotorlekua dela uste dute agintariek. Hamkari operazioan orain arte parte hartzen ari ziren nazioarteko 30.000 militarrei hango 900 polizia gehitu zaizkie orain. Herensugearen joaldia izena eman dioten oldar egite honen helburuak dira Arghandab, Panjwayi eta Zhariko barrutietatik gerrillariak uxatzea eta gobernuaren ordezkarien kontrolpean jartzea.Arghandabeko barrutiko gobernadore Mohammad Ahmadik azaldu du, berriz, eskualde horretan dauden talibanak inguratzea eta amaitzea dela oldarraldiaren helburu nagusia. «Orain arte, leku batetik uxatzen genituelarik, beste batean zabaltzen ziren».

Afganistanen zabalduak diren nazioarteko tropetako 150.000 soldaduak 2011ko uztailean dira erretiratzen hastekoak, eta horretarako 133.000 militar eta polizia trebatu egin behar direla zehaztu du William Caldwelek. AEBetako jeneralak helburu hori lortzeko mila trebatzaile gehiago bidaltzeko eskatuko dio NATOri. Kandaharren bakarrik AEBetako hemezortzi militar hil dira hilabetean.

Nazioarteak, baina, muga zeharkatu eta erasoak egin ditu Pakistanen ere. Horren harira kexua zabaldu du Islamabadek. Aire erasootan 50 gerrillari hil dituela ziurtatu du NATOk.Gobernuak, alta, «lurraldetasuna haustea» leporatu dio. AEBetan, berriz, bost soldadu epaitzen hasi dira, ustez zibilak hil izanagatik.

Bozetan iruzur masiboa

Gerra pairatzeaz gain, politika iruzurrak ere jasaten dituzte Afganistanen. Hala, irailaren 18an egin ziren Legebiltzarrerako hauteskundeetako milaka boto baliogabetu ditu Hauteskunde Batzordeak. Khost eskualdean, esaterako, «iruzur handiak» egon direla salatu dute bozetara lehiatu ziren hautagaiek, eta zazpi eskualdetan berriro zenbatuko dituzte botoak. Hiru mila kexu baino gehiago jaso ditu Hauteskunde Batzordeak. Behin betiko emaitzak, anartean, urriaren 3an emango dituzte jakitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.