Afganistan

Afganistanen 18 milioi pertsona daude giza laguntza beharrean

Helmanden egoera larria da. Lekukoek salatu dute herritarrek ezin dutela etxetik irten, tiroz hilko dituzten beldur.

Gobernuaren aldeko miliziak, Heraten. JALIL REZAYEE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 5a
13:18
Entzun

IRC Erreskaterako Batzorde Nazionalaren arabera, Afganistanen 18 milioi pertsona daude giza laguntza beharrean. Erakundeak kezka agertu du herrialdean indarkeriak okerrera egin duelako azken bi egunetan, eta gogorarazi du aurtengo legen seihilekoan hildako zibilen kopurua azken urteetako altuena izan dela —1.649 zibil hil dituzte ekainaren amaierara arte, iazko tarte berean baino %47 gehiago—. Desplazatu kopuruak ere gora egiten du oraindik ere; IRCren datuen arabera, egunero 30.000 pertsonak egiten dute ihes beren etxeetatik; hala, Afganistan da, Siriaren atzetik, desplazatu gehien dituen herrialdea.

AEBek azken egunetan iragarri dute bisa bereziak emango dizkietela herrialdeko albiste agentzia eta giza laguntzarako erakundeentzat lan egin duten afganiarrei, baina zehaztuta lehenik eta behin herrialdetik irten beharko dutela, eta hirugarren estatu batean egon beharko direla prozesua amaitu arte —urtebete inguru—; bitarte horretan, ez dute Washingtonen laguntzarik izango. Etxe Zuriak berak aitortu du «zaila» izango dela afganiarrentzat baldintza horiek betetzea, eta eskatu dio Pakistani utz diezaiela iheslariei herrialdean sartzen.

Azken egunetan talibanek gogortu egin dituzte hiri nagusien aurkako erasoak, gobernua haiei aurre egiteko ezinean ari den bitartean. Izan ere, Kabulek ez du nahikoa baliabide miliziei aurre egiteko, eta dituenak Kabulen eta inguruetan daude gotortuta. Helmand probintziako diputatu Karim Ataalek kritikatu egin du Asharf Ghaniren gobernuaren jarduna, eta egotzi dio Helmand, eta Laskar Gah hiriburua, urte luzez alde batera utzi izana: «Herritarrak infernu bat bizitzen ari dira orain. Ez dira etxetik irteten ausartzen, tiroz hilko dituzten beldur. Denetarik falta dute; ez dute ez jatekorik, ezta botikarik ere».

Azken orduetan, ordea, kontraerasoari ekin diote gobernuko indarrek AEBen laguntzarekin. Goizaldean, talibanekLashkar Gahn zituzten kokaguneak bonbardatu dituzte AEBetako droneek. Militarrek eskatu diete herritarrei euren etxeetatik ihes egiteko, eta «toki seguruetan» babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.