Afganistanen 41 lagun hil eta 140 zauritu dira atentatu suizida batean

Ekintzaile suizida batek bonba bat leherrarazi du Kabulen, Indiako enbaxadaren eraikinaren aurrean

Naiara Elola.
2008ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Indiak Kabuleko (Afganistan) erdigunean duen enbaxadaren pareanatentatu bat izan zen atzo. Orotara 41 lagun hil eta beste 141 zauritu dira. Ekintzaile suizidak soinean zeraman lehergailua, eta Indiako enbaxadako langileak zeramatzan bi auto bere paretik pasatzear zirela zartarazi du. Talibanak boteretik bota zituztenetik, hau da, 2001. urtetik, izan denatentaturik odoltsuena izan da Afganistanen.

Eztanda izan eta minutu gutxira gerturatu dira erreskate taldeak Indiako enbaxadara. Hango langileak ahalik eta azkarren eraikinetik atera dituzte, horien artean Jaiant Prasad, enbaxadorea bera.

Hala ere, zaurituen artean gehienakzibilak dira, horietako batzukadinekoak eta haurrak.

Atentatua izan eta ordu gutxira, Rangin Dafdar Spanta, Afganistango Atzerri ministroa Indiako enbaxadara joan da bere doluminak eta ordezkatzen duen gobernuaren doluminak agertzera. Indiarekin duten erlazio ona mantentzen jarraitu nahi duela berretsi du.

Jusif Ahmadik buruzagi talibanak bere gain hartu du erasoa hasiera batean; gerora, baina, beste buruzagi taliban batek, Zabiula Mujahidek alegia, bere taldearen esku-hartzea guztiz ukatu du.

Afganistango Gobernuak adierazi duenez,talde terroristen eta hainbat inteligentzia zerbitzuren arteko elkarlana egon liteke atentatuaren atzean; era honetan Pakistanizeharkako erreferentzia eginez.

Azken honek ez du atentatuaren inguruan zuzenean ezertxo ere adierazi nahi izan, nahiz eta sarraskia kondenatu egin duen.

Azkenaldian Pakistanek tentsioz beteriko erlazioa du bai Afganistanekin, baita Indiarekin ere. Hamid Karzai Afganistango presidenteak esandakoaren arabera, atentatuaren helburua Indiak eta Afganistanek duten erlazio ona hautsi nahi izatea da. Horregatik «egotzi» diote atentatua Pakistani, zeharkako interesak izan ditzakeelako bi herrialdeen arteko hartu-eman onak direla eta.

Goizaldean Afganistanen izandako atentatu suizidaren inguruan nazioartean erreakzio ugari sortu da. Europako Batasunaren kasuan, «sendotasun osoz kondenatu du atentatu beldurgarria». Frantziak -txandakako presidentetza du sei hilabete honetan- atentatuan hil direnen familiartekoei eta zauritutakoei beren dolumina eta babesa adierazi nahi izan die. Afganistango Gobernuak Europako Batasunaren laguntza osoa izango duela ere gaineratu du.

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, Kabulgo sarraskia kondenatu eta doluminak adierazteaz gain, aldarrikapenenak egiteko indarkeria erabiltzea ezin dela inolaz ere justifikatu esan du. Gainera, Afganistanen indarkeriak azken aldian izan duen gorakadagatik kezkatuta agertu da.

Azken atentatu hori ez da Afganistanen izan den indarkeria zantzu bakarra. Izan ere, Pakistango mugatik gertu dagoen Uaigal barrutia bonbardatu zuen larunbat goizaldean AEBetako armadak. Washingtongo gobernuak esandakoaren arabera, herritarrei eraso egingo zietelako berria eman omen zien , eta, gainera, guztiei eman omen zien handik ihes egiteko behar adina denbora. Hildakoen artean, emakumeak, umeak eta erietxeko langileak daude .

Horren guztiaren ondorioz, dagoeneko Hamid Karzai Afganistango presidentearen aginduz, gertatutakoa ikertzen hasi dira Defentsa Ministerioko arduradunak, baina hasiera batean ez omen dute erantzuleen kontrako neurririk hartzeko asmorik.

Bestalde, hamar ekintzaile taliban ere hil dira bonba bat lehertuta. Ustez, atentatu bat prestatzen ari ziren lehergailuak eztanda eginda.

Azken aldian, Afganistanen indarkeriak nabarmen egin du gora, batez ere herrialdearen hegoalde eta ekialdean. Horren adierazle da, azken zazpi hilabeteetan izandako atentatutan hil diren 1.800 pertsona inguru.



Atentatua Pakistanen ere

Dena dela, Kabulgo atentatua ez da era honetako atentatu bakarra izan. Duela urtebete Islamabadeko (Pakistan) Mezkita Gorrian hildako 108 lagunei omenaldia egiten ari zirela hemeretzi pertsona hil zituen gizon batek pasaden igandean. Kamikazeak gainean zeraman lehergailua eztandarazi zuen, Mezkita Gorriaren inguruan bildutako milaka lagunen aurrean.

Pakistanen ere, azken urte honetan, atentatu suiziden ondorioz 1.100 pertsona baino gehiago hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.