Afganistanen bederatzi zibil atzerritar hil dituzte azken protesta oldearen harira

Mahoma iraintzen duen bideoari erantzuteko orain arte egindako eraso handiena izan da Kabulgo atentatuaAfganistango soldaduekin patruilatzeari utziko dio NATOk, segurtasun neurri gisa

mikel rodriguez
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Mahoma iraintzen duen bideoaren harira munduan piztu den protesta oldea azken egunetan Afganistanen indartu da bereziki. Atzo, orain arteko eraso gogorrena egin zuten han. Ekintzaile suizida batek minibus baten aurka zartarazi zuen gainean zeraman lehergailua, eta hamabi lagun hil zituen. Horietako bederatzi langile atzerritarrak ziren, Poliziak jakinarazi duenez. Afganistango Alderdi Islamikoak hartu ditu erasoak bere gain, «AEBetako zinegile batek islamaren aurka egindako filmarengatik mendeku hartzeko». Afganistango gerrari ezegonkortasunerako osagai bat gehitu dio Mahomaren aurkako bideoak. Horren adibide, NATOk Afganistango tropekin batera patruilatzeari utziko dio, eta «bertako herritarrekiko ekintza eta elkarlan guztiak berrikusteko erabakia» hartu du.

Atzoko erasoa Kabulen egin zuten, eta atzerritarrak izan zituen helburu. ACS aireportuetako logistikaz arduratzen den enpresaren minibusaren aurka jo zuten. Hildako bederatzi atzerritarrek Hegoafrikako eta Errusiako herritartasuna dutela jakinarazi zuen hasiera batean Mohammad Daud Amin Kabulgo Poliziako komisario ordeak. Zortzi hildako Hegoafrikakoak direla baieztatu du herrialde horretako Nazioarteko Harremanetarako eta Elkarlanerako Departamentuak. Errusiako enbaxadako prentsa arduradunak erran du, ordea, ezin dutela baieztatu haien herritarrik hil dutenik. Hildako afganiarren artean itzultzailea eta gidaria daude.

Bertzelako bertsioa eman du, baina, Alderdi Islamikoak. Hamasei lagun hil dituztela aldarrikatu du, eta guztiak AEBen «inteligentziako agenteak» zirela. Ekintzaile suizida 22 urteko emakume bat dela ere zehaztu du talde horretako bozeramaile batek. Gulbbudin Hekmatyar da Alderdi Islamikoko burua bere sorreratik, 1970eko hamarkadan. Talibanekin eta Haqqani sarearekin batera, Afganistango hiru matxino talde nagusien artean dago.

Mahoma iraintzen duen bideoak sortutako erantzunak NATOren ISAF Segurtasuna Laguntzeko Indarra misioaren ezinegona areagotu du. Horren adierazle, Afganistango soldaduekin batera egindako patruilak bertan behera utzi ditu, eta soilik «operazio handietan» eutsiko diote elkarlanari. Neurria aldi baterako dela erran dute ISAFeko arduradunek, eta «liskar zibilekiko eta barrenetik egindako erasoekiko ahuluneak gutxitzeko asmoz» hartu dutela. Izan ere, ISAF beldur da bideoaren harira sortutako haserreak Afganistango soldaduek atzerrikoei egindako erasoak susta ditzaketen. Aurten NATOk inoiz baino soldadu gehiago galdu ditu horrelako erasoetan: 51, iaz baino hamasei gehiago. Erresuma Batuak adierazi du, baina, ISAFek hartutako neurriak ez diola eraginen Afganistango tropak trebatzeko planari, eta Etxe Zuriak erran du ez duela tropen etxeratze plana aldatuko.2014an dute Afganistan uzteko asmoa.

Hogei hildako baino gehiago

Kabulgo erasoarekin hogeitik goiti dira bideoaren harira sortutako protestetan hildakoak mundu osoan. Orain arteko eraso gogorrena Libiako Bengazi hirian egin zuten hilaren 12an. Protesta batean ustezko ekintzaile islamistek AEBetako lau herritar hil zituzten: enbaxadorea, funtzionario bat eta bi militar. Gainerakoak hainbat herrialdetako poliziek eta armadak hildako manifestariak dira.

Egiptoko Fiskaltza Nagusiak AEBetan bizi diren zazpi herritar kopto eta Terry Jones apaiz protestantea atxilotzeko agindu du, bideoarekin zerikusia dutelakoan. Egiptoko batasun nazionalaren eta independentziaren aurkako krimenak egotzi dizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.