Afganistanen beste eraso zabal bat prestatzen ari da nazioartea

Kandahar eskualdetik talibanak uxatzea helburu duen erasoaldiaren aurretik, ekintzak egiten ari dira unitate bereziak

2010eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Afganistanen zabalduta dauden nazioarteko indarrak eta herrialde horretako armada zein polizia erasoaldi zabal bat prestatzen ari dira Kandaharren. Hegoaldean kokatua den probintzia horretan talibanek gero eta indar handiago dute, eta horiei aurre egiteko estrategiaren barruan kokatzen da operazioa. Ekainean hastekoa litzatekeen oldar horren aitzin, baina, Ameriketako Estatu Batuetako unitate bereziek jada ekintza zehatzak egiten ari dira. Washingtonek eta haren aliatuek esperodute erasoaldia «erabakigarria» izatea talibanak gailentzeko.

AEBetako armadako unitate bereziak eraso andana egiten ari dira azkenaldian eskualdean, gerrillari buruak atxilotuta edo hilda. Komando ekintza horiek isilka eginak dira, eta, adituen arabera, helburutzat daukate gerrilla islamistaren gaitasuna ahultzea. Izan ere, talibanek eragin handia dute oraindik euren gotorleku nagusia izan den hegoaldeko hiri handi horretan, eta eskualde osoan ere. Inbasioa hasi eta bederatzi urteotan nazioarteko indarrak ez dira gai izan inoiz probintzia osoki menpean hartzeko. Hortaz, eskualdean hastekoa litzatekeen eraso militarra arrakastatsua izateari berebiziko garrantzia ematen diote.

Orotara 23.000 militar dira parte hartzekoak erasoaldian, tartean nazioarteko indarretako, AEBetako eta Kanadako 8.000 soldadu eta Afganistango poliziako 6.700 kide. Kandahar hiriaz kanpoko barrutietatik talibanak haizatzea litzateke helburua.AEBetako 3.500 soldadu eta Afganistango 6.700 polizia arduratuko lirateke, aldiz, Kandahar hiriaren kontrola hartzeaz eta segurtasuna bermatzeaz.

«Marjakoa ez da eredu ona»

Kandaharko operazio handi hau Barack Obama AEBetako presidenteak Afganistanerako prestatutako estrategiaren giltzarri moduan emana da. Obamaren administrazioak erabaki baitu beste 30.000 soldadu estatubatuar gehiago bidaltzea Afganistanera, talibanak gailentzeko. Hortaz, datorren udarako nazioarte tropen kopurua 150.000 soldadura igoko da, eta bi herenak AEBetakoak izango dira.

Kandaharren hastekoa den eraso militar zabal horrek lortuko duen arrakastaz, baina, zalantzak agertu dira, Afganistango agintarien artean. Horiek gogorarazi dute nazioarteko indarrek eta herrialdeko armadak oldar egite bat hasia dutela orain dela bi hilabete Marjako barrutian, eta orainokoan ez dutela talibanak handik haizatzea lortu. Gerrillari islamistek kontrolpean zituzten lurraldeak bereganatzea lortu badute ere, talibanek erasoak egiten jarraitzen dute nazioarteko indarren zein hango soldaduen eta agintarien kontra ere.

Shaiba Abdalik Afganistango Segurtasun Nazionalerako aholkulariordeak auzitan jarri du orain arteko bidea. Marjanen, alde horretatik, oraindik ez dutela espero zutena lortu esan du:«Kandaharren erasoaldi zabal bat antolatzearren, Marjan arrakasta lortu dugula agerian utzi behar da; alabaina, orainokoan ezin dugu esan eredu onak denik Marjakoa».

Indarkeriak ez du etenik

Iragarritako erasoaldia hasi aurretik ere indarkeria egoera eskualdean jasangaitza dela jakinarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Kandaharren duen egoitzaitxi egin du nazioarteko erakundeak «behin-behineko neurria» dela azaldu badu ere. Susan Manuel NBEko eledunak zehaztu du erakundearen atzerriko langileak hiriburura joango direla, Kabulera. Hiriko lankideei berriz, euren etxeetan geratzeko gomendatu die NBEk.

Ahmad Uali Karzai Kandaharko Probintzia Kontseiluko presidenteak, baina, oso gaizki hartu du erabakia. Afganistango presidentearen anaiak gogor gaitzetsi du erabakia, «nazioarteak bere kabuz hartu baitu erabakia, eskualdeko agintariekin hitzartu gabe». Egoera, haren hitzetan, ez da horren txarra; «bestela ere, ez dira hemen denbora-pasarako; gogoan eduki behar dute gatazka bat dagoen eskualde batean direla; ospa egite honek sentipen txarra ematen die hiritarrei».

Indarkeria hizpide, hain zuzen, hiru zibil hil ziren eta beste horrenbeste zauritu Kunduzen. Iparraldeko probintzian bonba bat leherrarazi zuten etxe baten kontra. Afganistan ekialdean, berriz, nazioarteko militar batek bizia galdu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.