Hamid Karzai Afganistango presidenteak aurreko astean egindako deia berretsi du. Ameriketako Estatu Batuetako armadari aire erasoak eteteko presidenteak eskaera «oso serioa» egin duela jakinarazi du haren eledun Simak Herauik: «Gure herria bonbardatzeari uzteko eskatzen diegu, eta galde egite horretan oso serio gaude». James Jonesek AEBetako presidentetzako segurtasun aholkulariak igandean adierazitakoei erantzun die Herauik. Barack Obama AEBetako presidentearen aholkulariaren iritzian, «AEBek ezin dute Afganistanen borroka egin eskuak bizkarrean lotuta izanik».
Farako eskualdean duela astebete eginiko bonbardaketak odol isuri ikaragarria eragin ondoren egin zituen adierazpenak Jonesek. AEBek Ganjabad eta Gerani herriak bonbardatu zituen, eta bonbardaketetan gutxienez 130 zibil hil zirela esan dute tokiko agintariek. Pentagonoaren iritzian, «gehiegizkoa» da kopurua.
Bonbardaketan zauritutakoek «erredura susmagarriak» zituztela azaldu du, anartean, giza eskubideen batzorde independente bateko kide Nader Naderik: «Fosforo bonbak erabili ote ziren ikertzen ari gara». Zauritutakoak artatu dituzten medikuek ez dute fosforo bonben erabilera baieztatu, «aurretik inoiz ikusi ez genituen erredurak ikusi» dituztela baizik. Mohammed Arief Jalali medikuak eman ditu azalpenak: «Etxe bateko sutean edo gas bonbilla baten leherketan egon ohi diren erreduretatik guztiz ezberdinak dira».
AEBen komandante burua
Washingtonek, bien bitartean, orain arte herrialdean izan duen komandante burua aurki ordezkatuko duela jakinarazi du. David McKiernan jenerala urtebete baino gutxiago egon da karguan. Stanley Mc Chrystal AEBetako armadako zuzendaria da, ziur aski, kargua beteko duena. Pentagonoaren kontrako kritikak gero eta ozenagoak dira, baina, hala ere, talibanei aurre egiteko soldadu gehiago bidaltzen ari diraAEBek Afganistanera.
Afganistanen bonbardaketak egiteari uzteko eskatu die berriz Karzaik AEBei
Azken bonbardaketetan fosforo bonbak erabili dituzten susmoa dute medikuek eta giza ekintzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu