Afganistanen eginiko eraso batean zibilak ere hil izana onartu du NATOk

Okupazio gerra hegazkinek Panjuai herriari eraso zioten astearte gauean, eta gutxienez 25 etxe txikitu

2006ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Afganistan hegoaldeko Kandaharko probintziako Panjuai herrian joan den astearte gauean egindako eraso batean, nazioarteko okupazio indarrek dozenaka zibil hil zituzten. NATO Ipar Atlantiko Aliantzaren Erakundeko gerra hegazkinek egindako bonbardaketetan gutxienez 25 etxe suntsitu zituzten.

«Gaua zen eta, beharbada, ez zekitelako zeini eraso egiten zieten, zibilak bizi ziren etxeak bonbardatu dituzte» azaldu zuen Panjuaiko udalbatzarreko zinegotzi Aga Lalaik. Beste zenbait tokiko agintarik ziurtatu zuten gutxienez 63 zibil hil zirela NATOko Afganistanen Segurtasuna Bermatzen Laguntzeko Indarraren (ISAF) erasoaldian, eta beste arduradun batek 80 hildako eragin zituztela zehaztu zuen. ISAFek berak aitortu zuen bezperatik biktima zibilak izan zirela Panjuaiko erasoan. 48 taliban hil zituztela onartu dute, eta, akaso zenbait zibil ere bai.

Afganistanen, Nazio Batuen Laguntzarako Misioak (MANUA) damutzeak eta kezkak azaldu zituen atzo. «Herritarren segurtasunak eta ongizateak lehentasuna behar dute izan beti eta zibilak hiltzea tamalezkoa eta onartezina da» irakur zitekeen MANUAk plazaratutako agirian.

Okupazio indarren oldarraldi honen ondorioek areagotu egin dute Afganistanen, urte honen hasieratik, hazi den odol isurketa itzela. Izan ere, azken hamar hilabeteotan, 3.000 lagun inguru hil dira borroken eta erasoen ondorioz. Hau da, Ameriketako Estatu Batuen inguruan osatutako nazioarte koalizio militarrak talibanen aginte islamikoa 2001ko azaroan bertan behera utzi zuenetik balantze larriena.

HURRENGO SEIHILEKOA ERABAKIGARRIA. Indarkeriaren hazte hau hizpide zuela, ISAFeko agintari goren David Richards jeneral britainiarrak ohartarazi du hurrengo sei hilabeteak «erabakigarriak» izango direla Afganistanen etorkizunarentzako. Richarden iritzian, herritarren bizi-baldintzek, ekonomia zein gizarte alorretan, nabarmen hobetu beharko dute epe horretan, hauetatik asko gerrilla islamikoaren alde ez daitezen jarri. Anartean, talibanen ordezkariek ziurtatu dute oldar egiteak areagotu egingo dituztela datozen asteotan, eta gordin jardungo dutela.

«Orain arte, banakako eraso suizidak besterik ez dira gertatu, baina, etorkizunean, ekintzaile andanak une berean burutuko dituztenak jazoko dira» ohartarazi zuen atzo talibanetako burukide Hajji Uahid Ulak mulak, «ekintza suizidak egiteko boluntario ugari hurbildu zitzaizkigun azken garaiotan».Gerrillari islamikoen agintari goren Omar mulak berak ohartarazi zuen, joan den astean, Afganistan okupatzen duten indar militarren aurkako erasoak «maila harrigarri batera» iritsiko direla aurki. Urtearen hasieratik Afganistanen gertatutako eraso suizidetan, 200 lagun baino gehiago hil dira, hots, 2005ean baino lau bider gehiago.

Gerrilla islamikoaren indarberritzeari aurre egiteko helburuan, NATOk erasoaldi zabala abian jarri zuen joan den irailean, Afganistan hego-ekialdeko probintzietan.Oldar egite horretan, 500 taliban baino gehiago hil dituela ziurtatu du Aliantza Atlantikoak. Aste honen hasieran, Kandaharko probintziako Panjuai eta Zhari eskualdetan izandako borroketan, 48 gerrillari islamiko hil direla zehaztu du ISAF indarrak. Beste datu batzuek, berriz, 57 hildako aipatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.