Afganistanen hiru zibil hil izana aitortu du epaitegi militar baten aurrean Jeremy Morlockek. AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadako soldadu horri 24 urteko kartzela zigorra ezarri diote fiskalarekin akordio bat egin ostean —batailoiko beste kideen kontra deklaratu beharko du horregatik—. Kwasi Hawks koronel eta magistratuak heriotza zigorra ezartzearen alde agertu da, baina, akordioa zela eta, ezin zuela hori egin azaldu zuen. Kode militarrak heriotza zigorra ezartzeko aukera ematen du, baina 1961. urtetik ez da zigor goren hori ezarri auzitegi militar batean.
Calvin Gibbs armadako sarjentuaren aginduetara heriotzaren eskuadroi bat eratu zuten 19 eta 29 urte bitarteko lau soldaduk Afganistanen; Andrew Holmes, Michael Wagnon, Adam Winfield eta Morlock berak. Hiru zibil hil ostean, haien hilotzekin argazkiak atera zituzten, eta, ondoren, biktimak borroka batean hil ziren itxura emateko krimenaren lekuan errifleak eta granadak ezarri zituzten. Morlockek errudun dela aitortu du, eta asmoa jendea hiltzea zela. Haxixaren eraginpean aritu zirela jakinarazi du ere soldaduak, eta goi agintariek horren berri zutela. Beste hiru soldaduak eta sarjentua datozen asteetan epaituko dituzte.
Gul Mudin, Maratx Aga eta Mula Adahdad dira soldaduek hildako hiru zibilak. Afganistango Kandahar eskualdearen hegoaldearen hil zituzten hirurak iaz; 2010. urteko urtarrilean, otsailaren 22an, eta maiatzaren 2an, hurrenez hurren.
Afganistanen hiru zibil hil zituen soldadu estatubatuarra zigortu dute
Jeremy Morlockek onartu du jendea hiltzea zela asmoa; 24 urteko kartzela zigorra ezarri dio epaile militar batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu