Afganistanen sei lagun hil dituzte NATOko egoitzaren aurkako erasoan

Poliziak dio hildako guztiak, erasotzailea barne, adingabeak direla, baina talibanek gezurtatu egin dute hori

Erredakzioa
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gutxienez sei lagun hil ziren atzo Kabulen, NATOren misioak—ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak— Afganistanen duen egoitza nagusiaren aurkako atentatuan. Poliziaren arabera, erasotzaile suizida bat motorrean hurbildu zen egoitzara, eta gainean zeraman lehergailua zartarazi zuen. Hildakoak adingabeak zirela erran du Poliziak, eta erasotzailea bera 14 urteko mutiko bat zela adierazi du. Talibanek erasoa bere gain hartu dute, baina Poliziaren bertsioa gezurtatu dute; lehergailua zartarazi zuen ekintzailea ez zela adingabea erran dute, eta hildakoakAEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko bortz kide direla. NATOko iturriek adierazi dute ez dela ISAFeko kiderik hil.

«Gure muyahidin-etako batek —borrokalari santua—, Abbas izeneko afganiar gazteak, CIAk Shash Darak eremuan zuen bulego bat kolpatu du, horko bortz kide garrantzitsu hilez», erran du Zabiullah Muyahid talibanen bozeramaileak. Shash Darak atentatua egin duten Kabulgo auzoa da, eta, ISAFen egoitzaz gain, eraikin diplomatiko anitz daudehan. Hil hasieratik kontrol neurri zorrotzak ezarri dituzte hiriburuan, Ahmad Shah Massoud talibanen aurkako talde militar nagusiaren buruzagia hil zutela 11 urte beteko baitira gaur. Hala ere, urteurrenaren harira atzo egindako ekitaldietan liskarrak izan zirela jakinarazi du Khaama Press egunkariak.

Massoudi buruzko eztabaida

Gaur egun ere herritarren artean eztabaida sakona eragiten duen pertsona da Massoud. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten okupazioaren aurkako borrokan lortu zuen ospea, 1980ko hamarkadan, baina talibanek boterea eskuratu zutenean (1996), Iparraldeko Aliantzaren osatu zuen haien aurka. 2001eko irailaren 9an hil zuten, AEBetako atentatuak baino bi egun lehenago. Hilketa Al-Qaedak hartu zuen beregain. Massouden arerioek bai SESBen, bai talibanen aroan hilketa masiboak eta emakumeen aurkako bortxaketa sistematikoak zuzentzea egozten diote.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.