AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Afganistango Gobernuak nork bere aldetik jakinarazi zuten atzo talibanekin bake negoziazioak hastekoak dituztela Qatarren. Hamid Karzai presidente afganiarrari ez zaio egokia iruditu Washingtonek egin duen irakurketa, eta "bake prozesuari buruz ekintzen eta adierazpenen arteko kontradikzioak" gaitzetsi ditu. Horregatik, 2014an NATOko tropek herrialdea uzten dutenerako AEBekin lantzen ari diren segurtasun akordiorako negoziazioak bertan behera utzi ditu Afganistango Gobernuak. Bake negoziazioei buruzko berria zabaldu aurretik, atzo iragarri zuen Karzaik, hain zuzen, segurtasun ardura guztiak Afganistanek bere gain hartzeko trantsizioan "azken fasea" hasi zutela.
Talibanek beti baztertu izan dute Karzairen gobernuarekin negoziatzea, "AEBen txotxongilo bat" dela iritzi baitiote, eta negoziazio zuzenak eskatu izan dituzte AEBekin. Karzairen iritziz, aldiz, Afganistango Gobernua da talibanekin negoziatzeko zilegitasuna duen solaskide bakarra.