Afganistango azken erasoak NATOren «hutsengatik» izan dira Karzairentzat

Iturri ofizialen arabera, 51 dira hemezortzi orduan erasoaldietan hildakoak, gehienak matxinoak

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hamid Karzai presidenteak salatu du igandetik astelehenera bitarte talibanek Afganistango hainbat hiritan egindako erasoaldiak «bereziki» NATOren «inteligentzia hutsengatik» izan direla. Karzairen arabera, Afganistango Estatuko indarrek erakutsi dute gai direla «herrialdea defendatzeko». Iturri ofizialen arabera, erasoetan 51 lagun hil dira: 36 matxino, estatuko indarretako 11 kide eta lau zibil. AEBen arabera, Haqqani sareak egin ditu erasoak. Talde hori talibanekin lotzen dute NATOk eta Kabulek.

Talibanen eraso gogorrenak Kabulen izan dira, eta NATOren egoitza, atzerriko hainbat enbaxada —AEBetakoa, Erresuma Batukoa eta Alemaniakoa horien artean— eta parlamentua izan dituzte jomuga. Hemezortzi ordu iraun dute borrokek. Barne ministrorde Mohamed Abdul Hadik ere Karzairen antzeko mezua igorri du, estatuko indarren erantzuna goraipatu baitu, eta informazio zerbitzuen «ahultasuna» agerian gelditu dela salatu.

Azken urtebetean Karzaik hainbatetan kritikatu du NATOren jarduna, gehienbat aliantza militarraren ekintzek herritarren haserrea sortu dutenean. Atzerriko tropak 2014an erretiratuko dira Afganistandik, eta ordurako egungo estatua talibanei eusteko gai izanen ote den zalantzan dago oraindik. Karzaik berriki jakinarazi du hauteskundeak 2013ra aitzinatzeko aukera aztertzen ari dela. Horrela, NATOk herrialdetik alde egin baino lehenago utziko luke, beraz, boterea.

Atzerriko indarren laguntzarekin sortutako agintea egonkortzeko, horiek biek berebiziko garrantzia eman diote estatuko indarrak garatzeari. Bai Kabulek, bai NATOk goraipatu dute Poliziak eta armadak erasoei emandako erantzuna. AFP agentziari iturri militar batek adierazi dionez, ordea, talibanek erakutsi dute erasoak «nahi dutenean eta nahi duten tokian» egin ditzaketela. Kabulen ez ezik, Jalalabaden, Puli Alamen eta Gardezen ere egin dituzte erasoak. Poliziaren, armadaren eta NATOren egoitzak izan dituzte jomuga bertze hiri horietan.

Haqqani sarea

Talibanek ohar batean hartu dituzte beren gain erasoak, eta joan den astean iragarritako «udaberriko kanpainaren» hasieratzat aurkeztu dituzte. AEBen Pakistango enbaxadore Ryan Crockerren ustez, baina, talibanek ez dute halako erasorik egiteko gaitasunik, eta Haqqani sareari egotzi dio horiek egitea. George Little Pentagonoko bozeramaileak ere erran du «lehen zantzuek» adierazten dutela erakunde hori izan dela erasotzailea. Haqqani sarea izen bereko sendiak sortutako talde integrista bat da, Pakistangoa jatorriz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.