Afganistan

Afganistango base militar handiena hustu dute AEBek

Herrialdeko armadak hartu du eremuaren kontrola. Talibanen ustez, atzerriko tropen irteerak «bide berri bat» irekiko du.

Bonba auto batek Bagramgo base militarretik gertu eragindako ondorioak, 2019an. HEDAYATULLAH AMID / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 2a
13:44
Entzun

Afganistandik erretiratzeko bidean pauso garrantzitsu bat eman dute AEBek. Asiako herrialde hartako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, nazioarteko koalizioko tropek Bagramgo base militarra utzi dute, eta herrialdeko armadak hartu du haren kontrola, «terrorismoa borrokatzen» jarraitzeko. Bagramgoa AEBek herrialdean zuten baserik handiena da, eta operazio militarren kontrolgune nagusia.

Ia hogei urte egin dituzte AEBetako tropek Bagramen, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean George W. Bush presidenteak herrialdea inbaditzea erabaki zuenetik. Denbora tarte horretan, eraso ugari jasan ditu, baita kritikak ere, besteak beste, haren barruan dagoen Parwan espetxe militarrean erabilitako praktikengatik —Afganistango Gobernuaren esku utzi zuten 2013an—. Kabuletik 70 kilometrora dagoen base militarrak, gainera, pisu sinbolikoa ere izan du urte horietan guztietan. Bushek soilik ez, Barack Obama eta Donald Trump presidente ohiek ere handik egin zituzten gerran «garaipena» lortzearen aldeko aldarriak.

Afganistango Gobernuak eta armadak, AEBek babestuak, urrun dute, ordea, talibanak garaitzeko aukera. Nazioarteko indarrek herrialdetik irteteko asmoa adieraztearekin batera, gora egin dute bi aldeen arteko liskarrek. Horren lekuko dira bi fronteetatik iritsitako informazioak: herenegun eta atzo bitartean, talibanek 23 lagun hil zituzten Badakhxan eta Baghlan probintzietan, besteak beste, segurtasun indarrak; Defentsa Ministerioak, berriz, jakinarazi du epe berean 130 taliban hil eta beste ehun inguru zauritu zituela. Egoera horretan, Zabihula Muhajid talibanen bozeramaileak ontzat jo du AEBen erabakia: «[Atzerriko indarrak] erretiratzeak bide berri bat irekiko die afganistandarrei beren etorkizuna beren kabuz erabakitzeko».

Afganistango Bakerako Goi Kontseiluko presidente Abdullah Abdullahren arabera, berriz, atzerriko tropen irteerak gerra «gaiztotu» du, eta modua egin du talibanek lur eremu handiagoak bereganatzeko —gobernuaren esku zeuden 80 barruti, denera—: «Hutsuneak utzi dituzte hainbat eremutan, eta, zoritxarrez, hortaz baliatu dira talibanak». Hala, «herrialdeak bizirik irautea» arriskuan dagoela uste du, eta elkarrizketa prozesua sustatzeko eskatu du. Hura iazko irailean abiatu zen, Dohan, baina ez du fruiturik eman.

Begi bistako ondorioak izan zituena Etxe Zuriak eta talibanek iazko otsailean eginiko negoziazioak izan ziren. Bi aldeek adostu zuten AEBek 13.000 soldadu aterako zituztela herrialdetik, hamalau hilabeteko epean, eta, horren truke, talibanek bake prozesuarekin jarraituko zutela. Maiatzerako, nabarmen egin zuten behera nazioarteko koalizioaren eta hirien aurkako erasoek, baina, orokorrean, %70 egin zuten gora herrialde osoan, Reuters albiste agentziaren arabera.

Kabul geratzen da

Afganistangoa AEBek parte hartu duten gerrarik luzeena da. Herrialdean sartu eta hamar urtera, 2011n, 100.000 soldadu eta 35.000 kontratista inguru izatera iritsi zen Washington. Hamar urte geroago, ordea, 2.500 soldadu eta 18.000 kontratista besterik ez dira geratzen; bidean, 2.000 soldadu estatubatuar inguru hil dira.

Joe Biden presidenteak herrialdetik irteteko agindua ematearekin are gehiago bizkortu da erretiratzeko prozesua, eta Kabulgo base militarrean besterik ez dira geratzen AEBetako tropak. Etxe Zuriak irailaren 11 jo zuen armada Afganistandik ateratzeko epemugatzat, baina lehenago ere gerta daiteke hori. Behin gauzatuta, AEBetako mila soldadu besterik ez dira geratu herrialdean, Lloyd Austin Defentsa idazkariaren arabera, Afganistango «segurtasuna eta egonkortasuna» bermatzeko. Era berean, Tajikistango, Uzbekistango eta Kazakhstango Atzerri Ministerioekin —denak ere Afganistanen mugakide dira— negoziatzen ari dira, herrialde horiek erabiltzeko «disuasio-presentzia bat» izateko. Pakistanek, berriz, uko egin dio herrialdean AEBen base militarrik izateari.

Tropak guztiak jada erretiratu dituztenen artean daude, berriz, Alemania, Italia eta Espainia. Lehen biek azken egunetan egin dute; Espainiak, berriz, maiatzean. Kontrara, herrialdean soldaduak mantentzearen alde agertu da Turkia, eta talibanek arbuiatu egin dute hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.