Iragan abuztuaren 20an egin ziren presidentetzarako hauteskundeen behin betiko emaitzak «hurrengo egunetan eta, beharbada, aste honen amaieran bertan» iragarriko direla adierazi zuen atzo Afganistango Hauteskunde Batzordeko kide batek.Horrela, Hamid Karzai jarduneko presidentearen garaipena berretsiko da, edo bigarren txanda baten antolaketa iragarriko. ECC Hauteskunde Emaitzetako Salaketak Aztertzeko Batzordeak jakinaraziko duenaren arabera hartuko da erabakia.
Anartean, Afganistanen bertan eta nazioartean plazaratu den salaketa oldea aintzat hartuta, Nazio Batuen Erakundeak berak ere azkenean aitortu du «iruzur egite oso handiak» egin zirela boz haietan. Hauteskunde Batzordeak plazaratutako behin-behineko emaitzen arabera, Hamid Karzaik botoen %54,6 bereganatu du eta Abdula Abdula Atzerri ministro izandakoa bigarren geratu da, bozen %27,8 lortuta. Haatik, Abdulak eta beste bi lehiakideek eginiko salaketen ondorioz eratutako ECC egiturak 574 bozkzlekuetako boto egiteak berriz zenbatzeko agindu du.
Galbraithen akusazioak
«[Afganistan] hegoaldeko eta hego mendebaldeko bozkaleku andana batean, iruzur egite handiak egon dira, baina ez eskualde hauetan bakarrik», aitortu zuen igandean NBEko Afganistango ordezkari Kai Eidek, iruzurren neurria «oraindik ere» aztertzen ari direla esatearekin batera. Hitz horiekin erantzun nahi izan zien Afganistanen NBEko ordezkariorde izandako Peter Galbraithi. Honek adierazi zuen NBEko ordezkaritzak iruzur egiteen neurria gutxitu nahi zuela.
Nazioarteak Hamid Karzairengan duen konfiantza zalantzan jarri duelako isla, Ameriketako Estatu Batuetako diplomazia buru Hillary Clintonek haren alde egin zuen atzo Londresen (Erresuma Batua): «Hautatua izatearen kasuan, argi deritzogu, Karzai presidenteak harreman berriak hasi beharko dituela, bai bere herritarrekin, baina baita nazioarteko komunitatearekin ere».
Afganistango bozetan «iruzur handiak» izan direla aitortu du azkenean NBEk
Karzaik irabaziko balu, bere herritarrekin eta munduarekin harreman berriak hasi beharko lituzkeela dio Clintonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu