Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaietatik %20k iruzurra egin zuten. Hauteskunde Batzordeak 500 laguni egotzi die legez kanpo aritzea. Iragan irailaren 18an egin zituzten bozak Afganistanen, eta iazko presidentetzarakoetan bezala, oposizioak Hamid Karzairen aldeko iruzurra gertatuko zela iragarri zuen. Kexen Batzordean jarritako salaketa kopuruagatik, aurreikuspenak betetzen ari direla dirudi: orain arte 4.000 bat salaketa jaso baitituzte. Horiek denak ikertzeko uste baino denbora gehiago beharko dutelako, emaitzak argitara emateko eguna atzeratu daitekeela jakinarazi dute. Behin-behineko datuak, hasiera batean, hilaren 17rako edo 18rako espero ziren.
Kexen Batzordearen aginduz, berrehun hauteslekuetako botoak baliogabetu dituzte, eta 250 bat bozkalekutakoak berriro zenbatu beharko dituzte. Nahiz eta talibanek haietan eraso egiteko mehatxua egin zuten, herritarrek botoa eman zezaten, 5.816 toki egokitu zituzten.
Noor Mohammed Noor batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, ehunka iruzur kasu hauteskunde kanpainarekin daude lotuta: hautagaietatik askok legeak baimentzen duena baino diru gehiago gastatu zuten kanpaina finantzatzen; horrez gain, ez zituzten euren diru iturriak argitu, ezta diru sarreren eta jabetzen berri eman ere. Hauteskunde iruzurra egin dutenek isuna ordaindu beharko dute; kasu larrienak, berriz, Fiskaltzaren esku utziko dituzte.
Dena dela, hautagaiak ez ezik, hauteskundeak zaintzeaz arduratu beharko luketen funtzionarioak ere susmopean daude. Atzo bertan Hauteskunde Batzordeko kide bat atxilotu zuen Poliziak, iruzurra egotzita. Akusatua Hauteskunde Batzordeko buruzagia da Khost probintzian.
AEBen dirua talibanen esku
Afganistanen hauteskundeak egiteko gai direla erakusten interes berezia agertu dute Ameriketako Estatu Batuek. Gerra hasi zutela bederatzi urte bete direnean -urriaren 7an jaurti zituen lehen bonbak Washingtonek-, Barack Obamak hainbeste ahalegin alferrekoak ez direla erakutsi behar du, baita bere estrategiak fruituak eman ditzakeela frogatu ere. Azken hilabeteetan lortutako emaitzen arabera, Afganistanerako estrategia berrikusiko du urte honen amaieran AEBetako presidenteak. Orain artekoan jarraitzen badu, haatik, ez dirudi aldaketa handirik egingo duenik. Izan ere, Kongresuari helarazi dion gutun batean, iazko abenduan hartutako neurriei eutsiko diela jakinarazi du Obamak. Gerra galtzen ari zirela ikusita, Afganistanera 30.000 soldadu gehiago bidaltzea erabaki zuen presidente estatubatuarrak abenduan.
Berme demokratikoek ez ezik ustelkeriak ere kezkatzen du Washingtongo gobernua. Haatik, Afganistanen demokraziak baino eskasago funtzionatzen dute erakundeek: Transparency International erakundearen arabera, ustelkeriak gehien jotako herrialdeen artean bigarren postuan dago Afganistan.
Eta dirudienez, garapenerako proiektuak finantzatzeko nazioartetik hara bidaltzen den diruak ez du askorik laguntzen egoerari buelta ematen. USAID AEBetako erakundeak adierazi duenez, Washingtonek Afganistango proiektuetara bideratu dituen milioika dolar eskuratu dituzte talibanek. Haien eskutan amaitu ez duten milaka dolar gehiagoren patua horixe bera izan daitekeela ere ohartarazi du erakunde estatubatuarrak.
Seguruak ez diren eremuetan babesa lortzeko, hainbat azpikontratek talibanei dirua eman diete. Zenbait kasutan, proiektuen balio osoaren %20 eskuratu zuten ekintzaile islamistek. «Badakigu Kunar enpresak errepide bateko eraikuntza lanetara bideratutako diruaren %20 talibanei eman ziela. Halakoek eta drogek finantzatzen dituzte talibanen jarduerak», dio USAIDek.
Gerra hasi zutenetik, aurtengoa izaten ari da urterik bortitzena Afganistanen. Atzo bertan, zortzi zibil eta polizia bat hil zituzten eraso batean, Kandaharren. Talibanek hogei lagun ere zauritu zituzten.
Afganistango bozetan iruzurra egitea egotzi diete 500 bat hautagairi
Hauteskunde emaitzak argitara emateko eguna atzeratu dezakete, Kexen Batzordeak 4.000 salaketa inguru jaso dituelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu