Talibanek ohartarazita daukate AEBak ez direla besterik gabe erretiratuko, etxera joan aurretik erasoko dietela, eta atzo 2001etik, gerra hasi zenez geroztik, eraso bakarrean aliantzak galdutako soldadu kopururik handiena galdu du. Gutxienez 38 soldadu hil dira, 31 estatubatuar eta zazpi afganiar, CH-Chinook helikoptero batean zihoazela. NATOk ez du xehetasunik eman gertatutakoaren arrazoiei buruz; baina, New York Times egunkariaren arabera, jaurtigai bat bota eta jo du lurra. Talibanek hartu dute beren gain atentatua, nahiz eta ezinezkoa den horrelakoak baieztatzea.
Helikopteroko soldaduak talibanen kontrako operazio batean parte hartzen ari ziren, gauerdian, Uardak probintzian, eta zortzi taliban hil ostean basera itzultzen ari zirela erori zen helikopteroa. NATOk ez du hildakoen jaioterriaren berri eman nahi izan gorpuak identifikatu arte, eta nola gertatu den ere ez du argitu, hark bidalitako oharrean esandakoaren arabera nahiago duelako zuhurtziaz jokatu helikopteroa erori den gunera joan eta frogak jaso arte. Talibanak izan direla ere ez du baieztatu, baina «eremuan etsaiaren mugimendua» sumatzen zela nabarmendu du. Talibanen bozeramaile batek, Zabiula Muiahid-ek, berriz, ziurtatu du helikopteroa jaurtigai bat erabilita botarazi dutela.
Erretiratzearen arriskuak
AEBek Afganistanen hamar urte egin ondoren erabaki dute handik ateratzea, ez herrialdea egonkortu delako, baizik eta garestiegi ateratzen ari zaielako, eta oraingo egoeran ia eutsiezina zaie. Gainera, hamar urteko gerraren osteanezer lortu ez duenak ez du ezer lortuko berehala, eta Obamak ulertu duherritarrekbaztertu egiten dutela gerra hori eta ondorio ekonomiko eta politiko larriegiak dauzkala. Baina arriskutsua izan daiteke erabakia. AEBek agintzen dute Afganistango estrategian, eta haiek bide hori hartuta, oso litekeena da gainerako herrialdeetako tropek gauza bera egitea, eta talibanek hori balia dezakete haien kontra egiteko eta gerra are biziagoa bilakatzeko.
NATO azken urteko txostenetan baikor azaldu da egoerarekin. Zibil asko hil dira aurten, baina talibanen erasoak gutxitzea lortu duela dio, eta haiek oraindik jaun eta jabe diren eremuak kontrolatzeko bidean daudela. Afganiar tropak prestatzen ere lan handia egin dutela ziurtatu du, haien esku uzteko segurtasuna NATOkoak joaten direnean. Dena den, aitortzen du talibanen jarduera ez dutela berehalakoan amaituko, eta aurten hildako soldaduen kopuruak ez du horren baikor izateko arrazoirik ematen, 374 hil baitira dagoeneko, horietako batzuk gisa honetako erasoetan, jaurtigaien bidez.
133.000 soldadu daude Afganistanen, eta 100.000 estatubatuarrak dira. Barack Obamak, hauteskundeak irabazi ondoren, 30.000 soldadu gehiago bidaltzea erabaki zuen gerra irabazteko, baina orain ostera etxera bidali nahi ditu gutxienez beste horrenbeste, datorren urteko hauteskundeak izan aurretik. 70.000 geratuko dira, baina gerra irabazita aterako diren ezbaian geratuko da, azken urtean indarkeriak gora egin duela ikusita. AEBen eta ekintzaileen arteko irtenbidea negoziatzen saiatzen ari dira.
Etorkizun kezkagarria
Atzerriko tropak erretiratu ondorengo egoera kezkagarria da erabat. David Petraeus Afganistanerako operazioen buruzagi izandakoak —orain CIAren arduraduna da— ekainean hainbat aukera aurkeztu zizkion Obamari, eta, haren ustez, 4.000 soldadu baino gehiago ez dira atera behar handik.
Baina AEBetako herritarrek ez dute gerra hori nahi. Nazkatuta daude, ez xahutzen duen dirutzagatik bakarrik, baizik eta hango gobernuan eta Hamid Karzairengan konfiantzarik ez dutelako. AEBek jarritako presidentea ez zaie nahi bezala atera, eta, ustelkeriaz inguraturik dagoela eta, gero eta gutxiagok babesten du Karzairen aldeko apustua, eta tropak bidaltzeko Obamaren erabakia ere bai.
Afganistango gerra hasiz geroztik erasorik gogorrena izan du NATOk
Gutxienez aliantzaren 38 soldadu hil dira, helikoptero batek lur jota; 31 AEBetako soldaduak dira, eta zazpi, afganiarrakTalibanek esan dute jaurtigai batez botarazi dutela, baina NATOk ez du baieztatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu