Afganistango gerra amaitzeko bilerak ez du esperotako emaitza izan, oraingoz bada ere. Herrialdeko gobernua eta talibanak su-eten bat adosteko elkartu dira berriz ere, Qatarko hiriburu Dohan, baina, horren ordez, bi aldeek «biktima zibilik ez izatea», herrialdeko azpiegiturak «babestea» eta laguntza humanitarioa banatzeko «elkarlanean aritzea» adostu dute. Halere, badirudi hitzordu hori ez dela negoziazioen amaiera izango, Kabulek eta talde integrista sunitak hitz egiten jarraitzeko asmoa berretsi baitute, menia bat indarrean sartzea helburu jarrita. Zehazki, «akordio bat lortzen» duten arte.
Iragan maiatzaz geroztik, herrialdetik pixkanaka ateratzen ari dira Afganistango Gobernua babesten duten nazioarteko tropak, eta talibanak hutsune hori baliatzen ari dira etenik gabekoak diruditen konkistak lortzeko. Aurrerakadak nabarmenak izan dira, integrista sunitek herrialdeko barrutien erdia bereganatu baitute dagoeneko; nazioarteko erakundeek egindako kalkuluen arabera, datorren urteko lehen hiruhilekorako herrialde osoaren kontrola izan lezakete, ezer aldatu ezean.
Arlo politikoan, hilabeteotako operazio militar horien arrakastak bultzatuta, talibanek adierazi dute egungo agintariak baino prestatuago daudela herrialdea gobernatzeko, eta indar harreman hori eramango dutela Dohako negoziazio mahaira.
Horretan, Kabulen helburua da integrista sunitekin «oinarrizko auziak» adostea: Konstituzio berri bat idaztea, menia aldarrikatzea eta talibanen parte hartzea negoziatzea herrialdeko ardura postuetan. Integrista sunitek, berriz, 7.000 preso askatzea eta NBE Nazio Batuen Erakundeak talibanen izenak zerrenda beltzetik ateratzea ere nahi dute, beste hainbat eskariren artean.
Oraingoz, baina, bi aldeek ez dituzte helburu horiek bete, nahiz eta negoziazioez adierazi duten «ahalik eta azkarrena aurkituko» dutela «bidezkoa eta sendoa den irtenbide bat». Azken hilabeteetan ere, Kabul eta talibanak aldizka elkartu dira Dohan, baina orain arte ez zuten lortu gutxieneko erabakirik adostea; egunotako negoziazioek, gainera, ez dute iraganekoek zutenaren bultzadarik, batez ere integrista suniten konkistak balantza alde batera mugiarazten ari direlako.
Azken datuen arabera, gobernuak herrialdeko 400 bat barrutietatik 110en kontrola du, eta beste 80tan borrokan ari da integrista sunitekin. Testuinguru horretan, Ajmal Omar Sherwari Segurtasun Ministerioko bozeramaileak atzo jakinarazi zuen kontraerasoari ekin diotela zenbait probintziatan, egunotako joeran sakontzeko; iragan ostegunaz geroztik, Kabulek 244 operazio egin ditu, baina ez dirudi gai izango denik talibanen arrakasta militarra gelditzeko.
Mugetako egoerak
Iranekiko, Uzbekistanekiko eta Tajikistanekiko mugako zenbait postu ere bereganatu dituzte talibanek azken asteetan, eta, horren harira, Taxkentek eta Duxanbek erabaki dute Errusiarekin batera maniobra militar bateratuak egitea datorren hilabete hasieran, bi herrialde horiek Afganistanekiko duten mugan.
Errusiako armadak azaldu duenez, ariketa horien helburua «talde armatu ilegal sarkinen kontrako operazioen prestakuntzak entseatzea» izango da.