Ez dirudi, oraingoz behintzat, talibanen eta Afganistango Gobernuaren arteko bake elkarrizketarik hasiko denik. Afganistango presidente Ashraf Ghanik iragarri du 1.500 preso askatuko dituela gaurtik hasi eta martxoaren 14 bitartean. Berez, otsailaren 29an sinatutako akordioaren arabera, 5.000 lirateke aske utzi beharreko preso talibanak, eta horren ostean hasiko lirateke negoziazioak. Bestelakoa da, ordea, Ghaniren proposamena. Hark iragarri du negoziazioak hasi ostean askatuko dituztela gainontzeko 3.500 presoak.
Talibanen buruzagitza ez dator bat, ordea; ohartarazi du erabakiak bake akordioa urratzen duela eta, beraz, ez dela onargarria. «Ez dugu inoiz hitz egin presoak modu mailakatuan aske uzteaz. Ez zen hori otsailean adostu genuena».
Bestetik, AEBek eta talibanek bake akordioa sinatu zutenetik, 40 pertsona hil dituzte Afganistanen, horietatik 32 joan den astelehenean, Estatu Islamikoak bere gain hartutako tiroketa batean. AEBetako Estatu Departamentuak salatu du indarkeria maila «onartezina» dela herrialdean, nahiz eta erasoak ez izan nazioarteko indarren aurkakoak. Hala ere, herrialde hura hasi da bere tropak Afganistandik ateratzen, akordioan iragarri bezala.
Dohako hitzarmenaren arabera, lehen fasean egungo 13.000 soldadu estatubatuarretatik 4.500 erretiratu beharko lituzke herrialdetik. Ondoren, talibanek euren hitza betetzen badute eta herrialdea bestelako talde armatuentzako aterpe izatea eragozteko neurriak hartzen badituzte, gainontzeko soldaduak etxeratuko lituzkete 14 hilabeteko epean.
Krisi politikoa
Talibanekiko elkarrizketarik ezaz gain, Ghanik baditu bestelako arazoak ere. Haren aurkari nagusiak, Abdullah Abdullahk, bere burua presidente aldarrikatu du azken bozen ostean. Hauteskundeak joan den irailean egin zituzten, baina ustelkeria salaketa ugari izan ziren, eta, beraz, bigarren itzulia egin behar izan zuten otsailean. Soilik haren ostean erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak Ghani garaile jotzea, eta horrek oposizioko indar nagusiaren haserrea eragin zuen.
Astelehenean egin zuen karguaren zina Ghanik berak, Afganistango eta nazioarteko hainbat ordezkariren aurrean. Minutu gutxi lehenago, ordea, gauza bera egin zuen Abdullahk berak ere. Talibanek «interes pertsonalen mesedetan» aritzea egotzi diete bi buruzagiei, eta ez dute bietako baten aldeko jarrerarik agertu.