Azizi herriaren aurka nazioarteko indar militarrek eginiko aire erasoa gauerdi aldean (21.30ak Euskal Herrian) hasi zen, eta atzoko egunsentian amaitu. Panjwaiko barrutian azkenegonotan gertatutako borrokaldietatik ihes egiten ari zen taliban gerrillari islamista andanak Azizin (Kandahartik 40 kilometro mendebaldera) babestu nahi izan zutela izan zen oldar egite horretarako aitzakia.
«Koalizioko indarrek Kandahar probintzian egindako ekitaldi militarrean 80 taliban hil egin dira; hauetatik hogeiren heriotza baieztatuta dago, eta beste 60 ingururena egiaztatzekotan gara uneotan», zioen AEBetako Armadaren Afganistango aginteguneak atzo eguerdi aldean zabaldutako oharrak. «Hedabideek zabaldutako datu batzuen arabera, biktima zibilak egon diren berria jaso dugu, eta hori egiaztatzen ari gara uneotan», adierazi zuen, berriz, nazioarteko koalizio militarreko bozeramaile Paul Fitzpatrick teniente-koronelak.
Kandaharko gobernadore Assadula Khalidek, aldiz, egiaztatu zuen biktima zibilak egin zituela nazioarteko indarren bonbardaketak. «Horrelakoak gertatzen dira guduka guneetan, batez ere talibanak herritarren artean ezkutatzen direlarik; horrelakorik ez dadin gertatu, herritarrei zinki eskatzen diet talibanei ez diezaietela gerizarik eman». Kandaharko erietxe batean artatzen zuten zauritu batek,Azizi herriko bizilagun Haji Ikhlafek argibide gehiago eman zuen: «Talibanak madrassa [erlijio eskola] batean ezkutatuta zeuden; helikoptero militarrek madrassa-ri eraso egin zioten lehenik eta han zeudenek herritarren etxeetara geriza bila ihes egin zutelarik, bizileku hauek ere bonbardatu egin zituzten».
Beste herritar batek, Atta Mohammadek, salatu zuen bere sendiko 24 kide hil zirela bonbardaketan, eta, beraz, hildako zibilen kopurua 35etik gorakoa zela, zaurituak, aldiz, 40 inguru izan zirelarik. Erasotik bizirik irten zen Zurmina Bibi andereak, berriz, esan zuen bere etxean bakarrik hamar bat lagun hil zirela bonbardatzearen ondorioz. Haatik, informazio hauek egiaztatzeko ahalik ez zeukaten kazetariek, nazioarteko koalizioko indarrek eta Afganistango Armadak Azizi herria inguratuta zeukatelako, nehor ez zedin bertara sartu edo bertatik irten.
ERASO SUIZIDA BATEAN, HIRU HILDAKO. Afganistanen azken asteotan areagotu egin den indarkeria ez da nazioarteko indarrek eta Kabulgo gobernuaren manuetarako armadak ekintzaile islamisten aurka egindako borroketara mugatu. Hala, eraso suizida bat gertatu zen igandean Kabul hiriburuan. Nazioarteko indarren konboi bati oldar egiteko saio batean, ekintzaile suizida batek gidatutako bonba-auto batek eztanda egin zuen, eta eraso egileaz gain beste bi herritarren heriotza eragin zuen.
Joan den ostegunean, berriz, AEBetako Armadako soldadu batek bizia galdu zuen Herat hirian gertatutako eraso suizida baten ondorioz. Nazioarteko koalizioak jasandako galeretan beti, indar berezietako kide ziren bi soldadu frantziar hil ziren joan den larunbatean, Helmand probintzian talibanekin gertatutako gudukaldi batean. Iragan asteazkenean eta ostegunean, berriz, Kanadako Armadakokapitain bat eta AEBetako militar bat hil ziren Kandahar eta Uruzgan probintzietan.
Uruzgan probintzian joan den ostiralean Afganistango Armadak egin zuen erasoaldi batean, aldiz, Helmand probintziako taliban gudalburutzat joa den Mohibbula mula atxilotu zuten. Kabulgo gobernuko agintarien eta nazioarteko koalizioaren indarren arabera, Helmand probintzian talibanek eginiko erasoetako erantzule nagusia da Mohibbula. Iragan den asteaz geroztik indarrean dauden ofentsibetan atxilotutako talibanen artean beste gudalbururik ere badela ziurtatu dute nazioarteko koalizioko eta Afganistango segurtasun indarretako arduradunek.
Haatik, iragan ostiralean Afganistan hegoaldeko gerrillari islamisten agintari goren Dahdula mula atxilotua izan zenik gezurtatu dute. Dahdulak berak hedabideei jakinarazi die hori ez zela egia eta gaur egun milaka taliban koalizioko tropei eta Kabulgo gobernuaren manupeko indarrei aurre egiten dihardutela nabarmendu du.
Indarkeria azken hilabeteotan nabarmen areagotu delarik, Afganistango Gobernuko agintariek Pakistangoei egotzi diete egoera honekin zerikusia izatea. Hala, herenegun, Afganistango Atzerri ministro Rangin Dafar Sapantak Islamabadi leporatu zion talibanei babesa ematea edo behintzat bi herrialdeen arteko mugan, Pakistango aldean, geriza hartu duten gerrillari islamisten aurka ezer gutxi egitea. «Ohartuta gaude terrorismoa mugaz bestaldetik datorrela», adierazi zuen Sapantak eta gaineratu zuen Kabulgo gobernuko agintariez gain, kazetari askok ereargi utzi zutela talibanek Pakistanen babesa badaukatela.
PAKISTANEN ARBUIOA. Atzo Pakistango Atzerri Ministerioko bozeramaile Tasnim Aslamek Kabuldik egindako akusazio hauekarbuiatu zituen, «oinarririk batere gabekoak» zirela azpimarratuta eta «arduragabeak izateaz gain, gure bi herrialdeen arteko harremanei kalte larriak» egin zitzaketela ohartarazita.
Hamid Karzairen gobernuak ez diola Islamabadi bere porrot egiteen errua egotzi behar ohartarazita, Aslamek nabarmendu du akusazio horiek aipatu egingo dituztela Afganistango, Pakistango eta AEBetako Armadako goi agintarien artean aurki egingo den bileran.
Atzerri ministroak salaketa hauek egin baino hiru egun lehenago, Hamid Karzai Afganistango presidenteak berak leporatu zien Pakistango zerbitzu sekretuei (ISI) gerrilla talibanari laguntzen jardutea.