Afganistango hiriburuan eraikin ofizialei eraso egin diete talibanek

Abuztuaren 20ko hauteskundeek herrialdeko giza arazoa ezkutatzen dutelako kezka agertu du NBEk

Erredakzioa
2009ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Kabulen, gutxienez, lau taliban, polizia bat eta soldadu bat hil ziren atzo, erresistentziako ekintzaileen eta segurtasun indarren aurrez aurrekoaren ondorioz. Talibanak Afganistango hiriburuko hainbat eraikin ofiziali eraso egiten ari zirela, polizia eta soldaduek eraikina inguratu eta tiroz erantzun zuten. NATOren armada berehala agertu zen erasotzaileak gelditzeko asmoz. Ekintzaileek lehergailuak zituztela adierazi zuten Polizia iturriek.

Bestetik, Belgikako soldaduak garraiatzen zituen konboiaren aurkako atentatu suizida izan zen, Afganistango iparraldeko Kunduz hirian. Belgikako Defentsa Ministerioak, hala ere, ekintzaile suizida bakarrik hil dela adierazi du.

Bestalde, AEB Ameriketako Estatu Batuetako buru militar Stanley McChrystalek esan du talibanek Afganistango lurraldeko hainbat gunetan aurrera egin dutela. Hegoaldetik iparralderantz gotorlekuak berreskuratzen ari direla ere aitortu du. «Talibanen oldarkeria eta ekimena geldiarazi behar dugu. Etsaia gogorra da, baina aurre egingo diegu», adierazi du McChrystalek.

Talibanek aurrea hartu dute, eta horrek AEBetako tropei estrategia aldatzera behartu die. Biztanle asko dituzten Kandahar gisako probintzietara soldadu gehiago bidaltzea erabaki berri dute, egoera kontrolpean izateko asmoz.

Egoera humanitario larria

NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka azaldu du datorren abuztuaren 20an egingo diren hauteskundeek eta azkenaldian izan den indarkeriaren handitzeak lurraldean den arazo humanitarioa ezkutatzen dutelako. «Bozen prestaketek ez diete nazioarteko herrialdeei benetako testuinguru humanitarioaren inguruko gogoetarik egiten uzten», adierazi du NBEk Afganistanen duten ordezkari berezi Robert Watkinsek. Horren arabera, errepublika islamikoan, egun, 235.000 dira barne desplazatuak, eta 2,6 miloi beste herrialdeetan errefuxiatuta daudenak. Eta aitortu du egoera azkenaldiko txarrena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.