Afganistango ekialdean, Pakistango mugatik 40 kilometrora, Khost hirian, hogei lagun hil ziren atzo ekintzaile talibanek egindako bi erasotan. Hildakoen artean 11 ekintzaile islamista daude. Gainontzekoak zibilak eta Afganistango segurtasun indarretako kideak dira.Erasoak 10:00ak inguruan hasi zituzten talibanek. Afganistango segurtasun indarrek eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek sei ordu behar izan zituzten egoera berriro kontrolpean hartzeko.
Pakistanekin muga egiten duen eskualdeko Gobernuko egoitzara eta Udalaren eraikin batera indarrez sartu ziren eraso egileak. Armaketa lehergaiak aldean zituztela sartu ziren; segurtasun indarrak haiengana hurbiltzean, euren burua leherrarazi zuten ekintzaile talibanek. Afganistango armadako soldaduz jantzita zeudelako saihestu zituzten Gobernuko bi egoitza horietan zeuden segurtasun neurriak.
Talibanek euren gain hartu dituzte erasoak. Zabibula Mujaded bozeramaileak aitortu du eurak izan direla eraso egileak.
Ikasleak, pozoituta
84 lagun intoxikatu ziren atzo Afganistango Kapisa probintzian, Kazzak herriko eskola batean. Eskola horretako ikasle guztiak neskak dira. Gas isuri baten ondorioz pozoitu ziren bertan ziren haurrak; hala ere, inork ez zuen kalte larririk izan. Herenegun eta joan den apirilaren 26an antzeko beste bi gertakari jazo ziren.
Gertatutakoa erasoa edo istripua izan den ez dute argitu. Nahita eragindako ezbeharra izan dela uste dute zenbaitzuek; izan ere, ez da lehenengo aldia talibanek nesken eskola bati eraso egiten diotela. Muturreko islamistak neskak eskolatzearen aurka agertu dira. 1996. eta 2001. urteen artean, talibanak agintean egon ziren aldian, debekatuta zeukaten etxetik kanpo hezkuntza jasotzea. Hala ere, orain arte inork ez duhartu erasoa bere gain.
Fosforo zuria
Ameriketako Estatu Batuetako informazio iturriei erreferentzia eginez, The Times egunkariak jakitera eman duenez, ekintzaile talibanek fosforo zuria erabili dute Afganistanen dauden nazioarteko tropen aurka. Substantzia hori soldaduen eta talibanen arteko borrokak izan diren hainbat gunetan aurkitu dute. Jennifer Willis AEBetako armadako bozeramailearen arabera, munizio horiek Erresuma Batuan, Txinan, Errusian eta Iranen ekoitzi dituztela erakusten duten markak dituzte.
Fosforo zuriaren erabilera ez dago debekatuta nazioarteko zuzenbidean. Substantzia hori zibilak dauden eremuetan erabiltzea, berriz, krimentzat jotzen dute nazioarteko itunek.
Afganistango Khost hirian hogei lagun hil dira bi erasotan
Eskola batean 84 ikasle intoxikatu dira; bi astean hirugarren aldia da halako ezbeharra gertatzen dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu