Afganistango oposizioak bozen prozesutik at geratzea erabaki du

Abdula hautagaiaren kontseilari batek eman du albistea; gaur aurkeztuko ditu berak zergatien xehetasunak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Afganistango oposizioko buruaren kontseilari batek eman du berria: Hamid Karzai presidentearen lehiakide Abdula Abdula ez da hauteskundeen bigarren saiora aurkeztuko, azaroaren 7an, eta, gainera, euren jarraitzaileei botoa ematera ez joatea eskatu die. «Gure jarraitzaileak etxean gera daitezen nahi dugu, bozketan ez dezatela parte har», esan du Medhi doktorea izenarekin identifikatu den kontseilariak.

Hauteskundeen gutxiengo baldintzak ez direla betetzen uste du oposizioak, eta Gobernuari presio egiteko bidea dela ez aurkeztea. Gainera, bigarren itzulia egin behar dela erabaki duten arren, ez dago argi irtenbiderik egokiena hori den. Karzaik berak onartu izan du, bozak berriro egin ordez,beste edozein irtenbide hobesteko prest dagoela.

Gaur Indiara joatekoa zen Abdula, baina bertan behera utzi du bidaia, haren gertukoek esan dutenez, «hauteskundeen xehetasunak emateko agerraldi publikoa egiteko». Mendebaldeko hainbat funtzionariok Reuters agentziari azaldu diotenez, hautagai bakar batek ere ez du egin hauteskundeen kanpaina argia. «Ez dago kanpainarik, eta bi lehiakideek zer egingo duten zain dago jendea. Denek espero dute nolabaiteko akordioa egotea, bozkatzera joatea saihestearren», azaldu du izena eman ez duen diplomazialari batek.

Atzo ere hildakoak

Afganistango egoerak ere ez du askorik laguntzen bozen bigarren itzulia egiteko. Lehen itzuliaren harira, talibanek erasoak gogortu zituzten, eta hainbat eskualdetako giroak nabarmen egin zuen okerrera; zibilak izan ziren kaltetuenak. Orain, gerra hasi zenetik une latzenetakoak bizitzen ari dira afganistandarrak; atzo bertan 29 ustezko ekintzaile hil zituztennazioarteko segurtasun indarrek, operazio batean; bi zibil zauritu ziren,Afganistango Polizia iturriek esan dutenez.

Ekonomikoki ere, nazioarteari garesti atera zaio herrialdeari itxura demokratikoa emateko ahalegina. Horregatik, orain arte egindakoak ez duela ezertarako balio izan aitortu baino lehenago, nazioarteak ere nahiago du beste irtenbide baten alde egin. Hala, koalizio gobernua eratzeko dauden aukerak aztertzen aritu da nazioartea. Ez dirudi, hala ere, Karzairen eta Abdularen artean agintea banatzeko proposamenak aurrera egingo duenik, ez da giro-eta bi hautagaien artean.

Hori ikusita, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak hautagai bakarraren bozen aukeraz hitz egin du: «Hautagai bakarreko hauteskundeek ez dute zertan prozesuaren zilegitasuna zalantzan jarri. Gure herrian hori gertatu dela ikusi izan dugu, edozein dela arrazoia, hautagai batek aurrera ez egitea erabaki izan duenean».

Dimisiorik ez

Lehen itzulian egon zen iruzurragatik Hauteskunde Batzordeko presidenteak dimisioa ematea eskatu zuen Abdulak, eta, eman ez duenez, eta bozen lehen itzulian gertatu bezala iruzurrerako arrisku handia dagoenez, ez aurkeztea erabaki du. Atzo amaitu zen oposizioko buruak Hauteskunde Batzordeko presidenteari dimisioa emateko jarri zion epea, eta hori dela-eta emango ditu gaur xehetasun guztiak.

Hauteskunde Batzordeko presidentearen dimisioa eskatzeaz gain, hiru ministro kargutik kentzea ere eskatu zuen oposizioko buruak, eta baita bigarren itzulirako bere taldeko ikuskatzaileak jartzea ere, prozesu garbia izango dela ziurtatzeko. Azken eskaera horri soilik eman diote baiezkoa agintariek. 20.000 ikuskatzailek prozesuan parte har dezaten baimena eman dute, baina Abdularentzat ez da nahikoa izan, iruzurra egiteko egitura lehengoa bera delako.

Presidentetzarako lehen itzulian Karzaik botoen %49,67rekin irabazi zuen, eta Abdulak botoen %30,59 eskuratu zituen. Hauteskunde Batzordeak bigarren itzulira deitu behar izan zituen bozak ezinbestean, ehunka milaka bozka paper faltsu baliogabetu ondoren.

Irailean botoak etorri ahala zenbatu zituen Hauteskunde Batzordeak; iruzur salaketek emaitza horietan izango luketen eragina kontuan hartu gabe. Botoak baliogabetu gabe, bigarren itzuliaren beharrik gabe presidente karguan jarraitzeko adina boto eskuratu zituen Karzaik. Abdula, aldiz, kasik 27 puntura gelditu zen. Baina Hauteskunde Batzordeak irailean argitaratutako emaitzak nabarmen aldatzea eragin zuen bozak ikertu zituen ECC Hauteskundeetako Kexuen Batzordearen txostenak. Ondorioz, jarduneko presidenteak ez zuen karguan segitzeko behar duen gehiengo osoa eskuratu.

Iruzurra egon zela frogatzen zuten zantzu argiak zeudela deliberatu zuen ECCk 210 bozkalekutan, eta horiek zuzenean baliogabetzeko eskatu zion Hauteskunde Batzordeari. Horiez gain, Hauteskunde Batzordeak susmagarritzat jotako 646 bozkalekutatik gehientsuenetan emandako botoak bazterrean mantentzeko eskatu zion. Eta azkenik, 3.498 bozkalekutan botoa berriro zenbatzeko sistema konplexu bat aplikatzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.