Afganistango presidentetzara aurkezteko esan dio talibanen buruari Karzaik

Bozak 2014an egitekoak badira ere, urtebete aurreratu ditzakete, tropen erretiratzearekin bat egin ez dezaten

Erredakzioa
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Etorri Afganistanera, utzi albo batera atzerritarren armak eta sortu ezazu alderdi bat zure jarraitzaileekin batera», eskatu dio Hamid Karzai Afganistango presidenteak Omar mullari, talibanen buruzagiari. Datozen presidentetzarako bozetan parte hartzeko proposamena egin dio presidenteak: «Aurkeztu zaitez hauteskundeetara, eta herriaren botoa lortzen baduzu, gozatu ezazu».

Omar mulla erbestean klandestinitatean dagoen arren, hainbat iturrik Pakistanen dagoela diote. Ez da Karzaik talibanei armak utzi eta politikara sartzeko urratsa egiteko eskatzen dien lehen aldia. Beste hainbat alditan bere gobernuarekin bat egiteko proposamena ere egin die matxinoei, eta bake elkarrizketak hasteko.

Karzaik talibanei ohartarazi die demokraziaren bidea aukeratzen ez badute Afganistango soldaduak herrialdea defendatzeko prest daudela. «Ez gaitu kezkatzen gure poliziei eta gure armadari eraso egiten dieten horiek mendeetan zehar gure aurka borroka egiten jarraitzen badute. Herrialde honetako gazteak sakrifikatzeko prest daude», adierazi du.

Karzai ez da aurkeztuko

2014an dira presidentetzarako hauteskundeak egitekoak Afganistanen, baina agintariek ohartarazi dute urtebete aurreratu ditzaketela, bozek nazioarteko tropen erretiratzearekin bat egin ez dezaten. NATOren tropak, hain justu, 2014 amaieran dira herrialdetik ateratzekoak, eta ordurako segurtasuna Afganistango armadaren esku egotea espero dute. Talibanen erasoak, baina, etengabeak dira, eta agerian uzten dute herrialdearen ezegonkortasuna.

AEBek 2001ean herrialdea inbaditu zutenetik Karzai izan da Afganistanek ezagutu duen presidente bakarra. Bi aldiz irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak, konstituzioak baimentzen duen gehiengoa, hain justu. Presidenteak jakinarazi du hirugarrenez aurkezteko asmorik ez duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.