Afganistango Kandahar probintzian AEBetako soldadu batek egindako sarraskia mendekatuko zutela zin egin eta 24 ordura bete dute talibanek emandako hitza, igandeko hilketak gertatu ziren barrutian berean. Hamid Karzai Afganistango presidenteak Panjwaira bidalitako ikerketa batzordeari eraso diote ekintzaileek, eta, iturri ofizialen arabera, polizia bat eta hiru taliban hil dira. Panjwaiko herritarren arabera, iragan igandeko sarraskia ez zuen soldadu bakarrak egin. Egoera gehiago zaildu zaien arren, Barack Obama AEBetako presidenteak Afganistango operazioan aldaketarik eginen ez dutela berretsi du —2014arenbukaeran dira erretiratzekoak tropak—.
Ustez AEBetako sarjentu batek hamasei zibil hil zituen —horietako bederatzi haurrak— bi herrixkatan. Karzaik bidalitako ordezkaritza buruzagi tribalekin eta herritarrekin biltzekoa zen. Batzordeko kideen artean zeuden presidentearen bi anaia, Qayum Karzai eta Sahwali Karzai. Ordezkaritzako kideek hedabideei adierazi dietenez, eguerdiko errezoen ondoren meskitatik atera zirenean jendetzaren artean zeuden hainbat ekintzaile tiroka hasi ziren. Ez zuten batzordeko inor zauritu, baina polizia bat eta hiru erasotzaile hil ziren. Zabiullah Mujahid talibanen bozeramaileak mendekurako deia berretsi zuen atzo, eta AEBetako soldadu «sadikoei» burua moztuko dietela mehatxu egin zuen. Karzairen ordezkaritzaren aurkako erasoa ez zuen aipatu, ordea.
Haserrea baretu ezinik
Hamar urteko okupazioa pairatu ondoren, iaztik AEBetako soldaduek egin dituzten gehiegikeriek are gehiago azkartu dute Afganistango herritarren gorrotoa. Haserreak sor dezakeen erreakzio oldeari eusteko asmoz, Karzaik eta gainerako agintariek eskatu dute ustezko hiltzailea Afganistanen bertan publikoki epaitzeko, eta ahal den zigor gogorrena ezartzeko. Hala ere, herritarrek haserrea agertu zioten atzo Panjwaira bidalitako ordezkaritzari. «Jendea oihuka ari zen, eta hagitz haserre zegoen. Kandaharko gobernadoreari ez zioten aditu ere egin nahi. Kandaharko jendea babestu beharrean amerikarrak babestea egotzi diote», adierazi dio AP agentziari Abdul Rahim Ayubik, batzordeko kideak.
Obamak ere, sinesgarritasuna lortzeko xedez, bertze behin zin egin du «azken ondorioetaraino» ikertuko dutela sarraskia, eta Leon Panetta Defentsa idazkariak elkarrizketa batean erran du heriotza zigorraren eskaria «kontuan hartuko» litzatekeela. Dena den, Koranaren erreketekin gertatu bezala, AEBetako agintarien solasek ez dute giroa baretzea lortu.
AEBetako iturri ofizialek soldadu bakarrari egotzi dizkiote hilketak, baina Panjwaiko herritar anitzek bertze bertsio bat azaldu diete hainbat hedabideri. Horien arabera, soldadu talde batek egin zuen sarraskia, eta helikopteroak zituzten. NATOren arabera, ordea, helikopteroak sarraskia gertatu ondotik bidali zituzten eremura. Haji Muhammad Sha Khan buruzagi tribalak dioenez, berriz, joan den astean Kandaharren izandako atentatu baten mendekua izan da sarraskia. «AEBetako militarrek hainbat herritar bildu zituzten, eta bonba paratu izana egotzi zieten. Mendeku hartuko zutela erran zieten, eta emakumeei eta haurrei erasoko zietela».
Tropak etxeratzeko planak
Soldaduen gehiegikeriek egunetik egunera nazioarteko tropen presentzia zailtzen duten arren, Obamak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak The Washington Post-en argitaratutako artikuluan berretsi dute Afganistanekiko asmoak bere horretan mantenduko dituztela. Cameron gaur Etxe Zurian elkartuko da Obamarekin.
Irailerako 22.000 soldadu etxeratu nahi ditu Obamak. Beraz, 68.000 geldituko dira Afganistanen. The New York Times-en arabera, baina, duela aste batzuetatik Etxe Zuriko agintariak soldaduen etxeratzea bizkortzea aztertzen ari dira; adibidez, 2013ko ekainerako bertze 40.000 soldadu erretiratzeko plan bat dute mahai gainean. Jay Carney Etxe Zuriko bozeramailearen arabera, ordea, argitaratutakoa «gezurra» da.
Afganistango sarraskia ikertzeko batzorde bati eraso diote talibanek
Polizia bat eta hiru ekintzaile hil dira, islamistek mendekua hartuko zutela iragarri eta egun bakarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu