Geroz eta korapilatsuagoa da egoera Afganistanen AEBentzat. Washingtonen soldaduen azkenaldiko ekintzek —koranen erreketek eta soldadu estatubatuar batek hamasei zibil hil izanak— indartu egin dute afganiarren haserrea. Etxe Zuriak barkamena eskatu arren, ez afganiarrak ez talibanak ez dira konformatu. Aitzitik, joan den igandean Kandahar probintzian hildako hamasei zibilak mendekatuko zituztela hitzeman zuten talibanek, eta asteartean, Kabulek bidalitako ikerketa batzordeari eraso egin zioten. Atzo, berriz, beste pauso bat eman zuten talibanek, urte hasieran Qatarren AEBekin hasitako elkarrizketak eten dituztela jakinarazita.
«Emirerri Islamikoak erabaki du estatubatuarrekiko elkarrizketa guztiak etetea, Washington bere jarrera argitu eta bere promesak betetzeko prest agertu arte», adierazi dute talibanek euren web orrian. Negoziazioen porrotaren «erantzukizuna» AEBena da «erabat», talibanen arabera, «izandako jarrera zalantzati, oker eta zehaztugabeagatik».
Estatubatuarrek hasieran presoen trukearen inguruan pausoak emateko konpromisoa agertu zuten, baina denbora pasatu ahala, agindutakoa ez dute bete, talibanen esanetan. Negoziazioetan aurrera egiteko baldintza gisa Guantanamon dauden bost preso askatzea jarri zioten talibanek Washingtoni, Al Jazeera-ren arabera. Baina Etxe Zuria ez da atxilotuak askatzeko prest agertu. Talibanen hitzetan, negoziazioak errazteko «pauso praktikoak» ziren presoen trukaketak.
Bestalde, AEBek euren kontrako «funtsik gabeko propaganda» abiarazi dutela salatu dute talibanek, eta «inbasio potentziak» Afganistandik kanporatzeko euren mugimendua babesteko eskatu diote nazioarteari. Nolanahi ere, nabarmendu dute elkarrizketaren aukera zabalik dutela «edozeinentzat», betiere «bestearen arauak errespetatzen dituzten nazioen arteko elkarrizketak badira».
Talibanek Qatarren zabaldutako bulego diplomatikoaren helburua nazioartearekin harremanak «erabateko askatasunez» sendotzea zen, agirian azaldu dutenez, eta «inbaditzaileei aurrez aurre ohartaraztea» herrialdea utzi arte ez dutela borroka bazter utziko. Zabiula Muyahid talibanen bozeramaileak azaldu du erabakiak ez duela zerikusirik joan den igandeko hamasei zibilen hilketarekin; halere, berretsi du AEBetako tropei eraso egingo dietela herrialde osoan eta «erantzun» egingo diotela haien «jarduera gizagabeari».
Talibanen agiria irakurrita, Washingtonek adierazi du Afganistango «prozesua» babesten jarraituko duela, eta bere estrategia ez dela aldatuko. Jay Carney Etxe Zuriaren ordezkariak esan du talibanek badakitela zeintzuk diren hitz egiteko baldintzak.
2014an ez, 2013an
Asteotan Afganistanen piztu den haserreak bultzatuta, Hamid Karzai presidenteak diskurtsoa gogortu behar izan du Washingtonen aurrean. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariarekin bildu zen atzo Karzai Kabulen, eta «Afganistango herrietatik NATOren tropak ateratzeko»eta soldaduak «euren baseetan edukitzeko» eskatu zion.
Horretaz gain, herrialdearen segurtasunaren kontrola ezarritako epea baino lehenago eskualdatzeko eskatu dio Karzaik Panettari. Iazko uztailean hasitako trantsizioa «2013an bukatzeko lan egin behar dute bi aldeek, eta ez 2014an amaitzeko», presidentearen arabera. «Afganistan prest dago herrialdearen segurtasunaren erantzukizun osoa bere gain hartzeko».
Era berean, joan den igandeko hamasei zibilen hilketaren gaineko ikerketa «garden» bat egiteko eskatu dio Karzaik Washingtongo ordezkariari. Pentagonoak atzo baieztatu zuen, hain zuzen, hilketaren ustezko erantzulea—soldadu estatubatuar bat— Afganistandik kanpoko espetxe batera eraman dutela, «aholku legalei jarraiki».
Zortzi zibilen hilketa
Atzo beste leherketa bat izan zen Afganistango hegoaldean, eta gutxienez zortzi zibil hil ziren, adingabeak tartean. Uruzgan probintziako errepide batean bonba batek eztanda egin zuen, eta hildako zortzi lagunak autoan zihoazen bertatik. Mota horretako bigarren erasoa da atzokoa: izan ere, herenegun beste zortzi zibil hil zituzten Helmand probintzian, hegoaldean, minibus bati egindako eraso batean. NBEren azken txostenaren arabera, 3.021 zibil hil ziren iaz Afganistanen, talibanen zein NATOko tropen erasoetan.
Panettak herenegun Afganistanen hasitako bisitarekin batera ugaritu dira erasoak herrialdean. Hark Helmand probintziako Camp Bastion NATOko basean lurreratzeaz bat, hain zuzen ere, eraso bat egin zuen afganiar batek lurreratzeko pistan. Erresuma Batuak Afganistanen duen base handienaren kontra kamioi bat lehertzen ahalegindu zen gizona, eta ibilgailuak su hartu arren, lehergailuak ez zuen eztandarik egin. Erasotzailea atzo hil zen, erreduren ondorioz.
Afganistango talibanek eten egin dituzte AEBekiko elkarrizketak
Talibanek urte hasieran Qatarren hasitako negoziazioa eten arren, Washingtonek erantzun du estrategia ez duela aldatukoNATOren tropak herrietatik kanporatzeko eskatu dio Karzai presidenteak Panettari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu