Afganistango zibilak hiltzea egotzita, soldadu bat epaituko dute AEBetan

Guztira, bost soldadu daude akusatuta auzian, hiru zibil hiltzeaz; jolasean ari balira bezala egin zieten tiro

Erredakzioa
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Jeremy Morlockek Afganistanen hiru zibil hil zituela frogatzeko adina datu bildu ditu armada estatubatuarrak, eta epaimahai militar baten esku utzi du auzia,AEBetako soldadua epaitu dezan. Egozten dizkioten delituen erantzule egiten badute, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri ahal diote Morlocki. Afganiarrak hiltzea jolas moduan hartzea leporatzen diote akusatuari. Zehazki, delitu hauek egozten dizkiote: nahitako erailketa, konspirazioa, kalte fisikoak, eta ikerketa ofizialak trabatzea.

Afganistango hiru zibilen hilketan parte hartzeaz AEBetako bost soldadu daude akusatuta guztira. Haatik, haiek denak epaitzeko baimenik ez du eman oraindik Pentagonoak; auzitara jo aurretik haien kasuak ari dira ikertzen. Akusatu guztiak Bravo konpainiakoak dira; talde militar horrek Kandahar eskualdeko operazioetan parte hartzen zuen, Calvin Gibbs sarjentuaren aginduetara. Pentagonoak bildu dituen salaketen arabera, kirola balitz bezala hiltzen zituzten zibilak, hildakoen gorpuei atalak mozten zizkieten eta gertaeren berri zuten soldaduak ikusitakoa isilean edukitzera behartzen zituzten.

Afganistango Gobernuak maiz eskatu dizkie kontuak AEBei operazioetan zibilak hiltzeagatik. Horregatik, armada estatubatuarraren estrategia berrian lehentasuna eman diote zibilen heriotzak murrizteari. Hala egiten badute afganiarren babesa lortuko dutela uste du Washingtongo gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.