AFRIKA. Aintzira Handietan bakea lortzeko akordioa sinatu dute Tanzanian

Gerrek suntsitutako eskualde horretan segurtasuna eta garapena bermatu nahi dituzte 15 estatuburuk

ERREDAKZIOA
2004ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bakeari keinua egin zioten atzo Afrikako 15 estatutako buruek horretarako izen aproposa duen hirian, Dar es Salamen (Bakearen Etxea esan nahi du arabieraz), Tanzaniako hiriburuan. Gerrek eta giza hondamendiak gogor astintzen dituen Afrikako erdialdeko Aintzira Handien eskualdean bakea eta segurtasuna bermatzeko konpromisoa hartu zuten estatuburuek, Afrikako Batasunaren eta Nazio Batuen Erakundearen babesean. Aintzira Handietako I. Goi Bilera izan zen hitzarmena sinatu zuten lekua. Bilkura herenegun hasi zen.

Kongo, Kenya, Sudan, Burundi, Malawi, Uganda, Ruanda, Zambia, Nigeria, Tanzania, Zimbawe, Mozambike, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Hegoafrika eta Afrika Erdiko Errepublikako presidenteek sinatu zuten deklarazioak Aintzira Handietako eskualdea «bake eta segurtasun iraunkorreko, egonkortasun politiko eta sozialeko eta hazkunde eta garapen partekatuko eremu bilakatzeko» deia egin du. Afrikako Batasuneko txandakako idazkari nagusi eta Nigeriako presidente Olusegun Obasanjok eta NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek ere agiria izenpetu zuten. Horiek «arrakasta handitzat» eta «eskualdeko buruzagien heldutasunaren islatzat» jo zuten atzoko deklarazioa sinatzea.Annanek azaldu zuen Dar es Salamgo deklarazioak eskualdeko buruzagiei lan tresna bat eman diela mugaz gaindiko aferei aurre egiteko plan estrategiko bat abian jartzeko. 1994an Ruandan genozidioa egin zutenetik kaos handia pairatu du Aintzira Handien eskualdeak. Ruandako matxino tutsiak boterera iristean, matxino hutuak ondoko herrialdera, Kongora, ihes egin, eta ekialdean egokitu ziren. 1996an Ruandak Kongoko ekialdea inbaditu zuen. 1998an Ruanda, Uganda eta Burundik Kongon eskua sartu zuten berriro ere, eta eskualdeko sei estaturen parte-hartzea eragingo zuen gerra piztu zen. Guztira hiru milioi pertsona baino gehiago hil ziren gerran. Ofizialki iazko ekainean bukatu zen gatazka, baina tarteka erasoak gertatzen dira hainbat tokitan, eta eskualdea hankaz gora dago erabat. Gainera, Kongoko gatazkak Burundiko gerra zibilean eragin du, non azken 11 urteotan 260.000 pertsona baino gehiago hil diren.«Ikusi dugu herrialde batean gertatzen diren etnien arteko borrokek beste batean eragin dezaketela; beraz, auzoko herrialdeetan indarkeria eta odol isurketa eragin duten edo eragiteko asmoa dutenak ezein herrialdetan aterpetzen ez dituztela ziurtatu behar dugu etorkizunean», adierazi zuen Kofi Annanek.

'Tiranoen' aurka

ABko presidente Olusegun Obasanjok ere Annanen antzeko hitzak ahoratu zituen: «Geronek, buruzagi afrikarrok, erabaki dugu gure kontinentearen bakeari eta garapenari dena ematea. Inoiz ez, inoiz ere ez dugu onartuko tirano gehiagorik geure kontinentean».

Aintzira Handietako eskualdeko gobernuek ez ezik, sindikatuek, gazte zein emakumeen mugimenduek eta eliza guztiek ere eremua baketzeko eta garatzeko egitasmoan parte hartuko dute. Dar es Salamgo deklarazioa lau ataletan banatua dago: Bakea eta Segurtasuna; Garapen Ekonomikoa eta Eskualdeen arteko Harremanak; Demokrazia eta Gobernatze Ona, eta Giza zein Gizarte Aferak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.