Afrika Erdiko Errepublika

Afrika Erdira 12.000 soldadu igortzea onartu du NBEk, "bakea ezartzeko"

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak aho batez onartu du Afrika Erdiko Errepublikara 12.000 soldaduz osaturiko tropa igortzea. NBEren arabera, operazio militarraren helburua herrialdean «bakea ezartzea» izanen da, eta eraso etnikoak etetea. 

Berria
2014ko apirilaren 10a
07:52
Entzun

MINUSCA izena paratu diote misioari eta irailaren 15erako abian egon beharko luke, AB Afrikako Batasunaren tropei lekukoa hartzeko. Izan ere, abendutik zaintzen dute herrialdea ABko soldaduek, Frantziako militarrekin batera. 10.000 soldaduk, 1.800 polizia militarrek eta 20 ofizialek osatuko dute MINUSCA misioa. NBEko Segurtasun Batzordeak onartutako itunaren arabera, Frantziako tropek MINUSCAko soldaduei laguntza eman beharko diete «kosta ahala kosta».

Bestalde, atzo heldu ziren herrialdera Europako Batasunak abiatutako EUFOR misioko lehen 55 soldaduak, «Bangi hiriburuko segurtasuna bermatzeko eta tokiko soldaduei entrenamendua emateko».

Indarkeria sektarioak eta mendeku goseak piztutako gatazka da Afrika Erdiko Errepublika astintzen duena. 2012ko udazkenean, herrialdeko erreboltari talde islamistek Seleka (aliantza) izeneko miliziak sortu zituzten, herrialdeko gutxiengo musulmanak historikoki pairatu duen bazterkeriari aurre egiteko. Erasoz, erailketez eta istiluz jositako kanpaina bortitz baten ostean, estatu kolpea eman zuten 2013ko martxoan eta Michel Djotodia erreboltaria bihurtu zen estatuburu. Seleka milizien gehiegikeriek komunitate kristauen haserrea piztu zuten, eta anti-balaka talde armatuak hasi ziren azaleratzen. Frantziako tropek eta inguruko herrialdeek egindako presioaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuen Djotodiak iragan den urtarrilean, baina askok salatu dutenez, horrek atea zabaldu zion anti-balaka taldeen mendekuari. Berriki, Afrikako Batasunak «borrokolari etsai» izendatu ditu anti-balakak; beraz, espero da horren ondorioz ugaritu egingo direla nazioarteko tropen eta milizien arteko borrokak.

Azken hilabeteetan herrialdeko musulmanak setio egoeran bizi dira, batez ere Bangi hiriburuko PK12 auzunean eta Boda, Carnot, Berberati nahiz Bossangoa hirietan. Orain arte, ehunka hildako, 320.000 errefuxiatu eta 625.000 desplazatu eragin ditu Afrika Erdiko gatazkak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.